Eta gu, ezinbestean, zirkuitu global horietan geure burua ahalik eta probetxu oneneko guneetan kokatzen saiatzen gara –ordenagailu kuantikoak gurera ekarriz, adibidez–.
Baina mundu zabalean dozenaka herrialde eta milioika pertsona oso baldintza zailetan ari dira lanean: herrialde batzuetan pertsona helduen %80 biziraupen-lanetan ari dira. Gehienak nekazaritzan, baina bai eta bestelako lan txikietan ere: kalean janaria saltzen, bizikleta batekin taxi-lanak egiten eta zakuak buru gainean hartuta kamioiak kargatzen.
Munduan lanean ari den jende guztiaren ia erdia ari da horrelako biziraupen lanetan. Eta lan hobexeagoa dutenen artean ere, asko dira oso etekin gutxiko lanetan ari direnak.
Sarri entzun ohi dugu munduan barrena milaka milioi pertsona direla behar gorrian edo txirotasunean bizi direnak. Baina hori ez da alferkerian ari direlako edo fundamentu gutxirekin lanean ari direlako. Pertsona horietako gehienek guk baino lanordu luze eta nekagarriagoak egiten dituzte. Eta, hala ere, txirotasun latzean bizi dira. Harritzekoa al da aitzur hutsez lanean ari denak, traktorea eta ongarriekin ari denaren aldean, bere izerditik etekin gutxi ateratzea?
Baliabide gutxirekin eta egoera kaskarrean aritzera behartua denak balio gutxi sortuko du bai bere buruarentzako, bai eta bere gizartearentzako eta munduarentzako ere. A zer aukera galdua!
Tamalez, gure artean arreta gutxi jasotzen duen gai bat da hori. Elkartasunaz hitz egiterakoan, osasuna, hezkuntza eta demokrazia izan ohi ditugu buruan. Gutxitan lana.
Gure garapenerako, lankidetza, enpresen nazioartekotzea, migrazioa, energia... horiek guztiak ganoraz aztertzeko ezinbestekoa da munduko langile guztien egoera kontuan hartzea.