Lankidetza Lege berria

Erabiltzailearen aurpegia Josu Urrutia Beristain 2024ko mar. 23a, 00:00

Otsailaren 15ean, Eusko Legebiltzarrak Lankidetzarako eta Elkartasunerako Lege berria onartu zuen.

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk desadostasunak alde batera utzi eta legearen alde bozkatu zuten. Horrela, Nazio Batuen Erakundeak onartutako Garapen Jasangarrirako Helburuei jarraikiz, euskal gizarteari gonbidapena luzatu zioten inor atzean ez uzteko.

Lege honen berritasunen artean batzuk azpimarratu nahi ditut. Lehenik eta behin, Marko juridiko berri bat ezartzen du erakundeen arteko kolaborazioa indartzeko  –Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta udalak–, eta, gainera, esparrua Euskal Herriko Unibertsitatera eta Eudelera zabaltzen du. Eta zenbait aurrerapen garrantzitsu dakar garapenerako politiken koherentziaren alorrean. Gainera, lankidetza-politiketan gardentasunaren eta kontu-ematearen aldeko apustu handiagoa egiten du. Bestalde, giza eskubideen, ingurumenaren, oinarri demokratikoen eta feminismoaren aldeko ikuspegiak txertatzen ditu. Horrez gain, hitzematen du erremintak eta mekanismoak martxan jartzea izapide administratiboak sinplifikatzeko eta malgutzeko. Orobat, garapenerako GKE-en protagonismo historikoa aitortzen eta sendotzen du. 

Azken hogei urteetako datuei begiratuta, Euskaditik egindako atzerriko inbertsiotik %1,5 bakarrik joan da Afrikara. Garapenerako lankidetzari dagokionez, euskal administrazio publikoak emandako funts guztietatik, Afrikarekiko lankidetzara bideratutakoa 5 eurokoa da pertsonako eta urteko.

Beraz, munduan ikusi nahi dugun aldaketaren parte izateko, esfortzu handiagoa egin behar dugu elkartasuna sustatzeko eta gizartea eta bere erakundeak mobilizatzeko. Eta, nola ez, bai erakunde publiko eta baita pribatuen aurrekontuetan ere, Hegoalderako diru gehiago konprometitu behar da, errenta nazional gordinaren %0,7 garapenerako laguntza ofizialera bideratzeko helburua lortzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak