Kontraesanak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Urrutia Beristain 2023ko uzt. 15a, 00:00

Ekainean arreta mediatikoa eta salbamendu-ahaleginak Titan ontziari eta Ipar Atlantikoko uretan 4.000 metroko sakoneran dagoen Titanic transatlantikoaren hondarretara zihoazen bost bidaiariei buruzkoak ziren bitartean, Itsaso Jonikoan, Greziako kostaldearen parean, ehunka pertsona zeramatzan arrantza-ontzi bat hondoratu zen.

Lehenengoei buruz badakigu zer gertatu zen, haien izen-abizenak eta bidaiaren zergatiak. Bigarrenen inguruan, berriz, ez dakigu zenbat lagun zihoazen ontzian, ez eta nortzuk ziren edota zer gertatu zen ere. Bakarrik dakigu Mediterraneo itsasoaren beste aldean aukera baten bila zetozela eta bizirik geratu ziren apurrak gizon gazteak izan zirela. Ez da agertu emakumerik, ezta haurrik ere. Sotoan ote? Hala bada, betirako geratuko dira itsaso sakonean, azterketa eta erreskate lanak Titan ontzirako eta barruan zihoazen bost aberatsentzako bakarrik izango direlako. Baten batek negozioa egiten jarraitu nahiko du eta.

Tragedia horien aurrean, ezberdintasun horiek murrizteko lanean ari garela uste dugu. Baina ez da egia. 2022an, esate baterako, garapen maila ertain eta baxuko herrialdeetatik aberatsetara etorritako migratzaileek beren senide eta lagunei egindako transferentziak 626.000 milioi dolarrera iritsi ziren; herrialde aberatsek garapenerako laguntza gisa emandako guztiaren halako hiru, alegia. 

1970eko urrian, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorrak 1975erako BPGren %1 garapenaren laguntzarako erabiltzea proposatu zuen, eta, gainera, %0,7 funts publikoetatik etortzea iradokitzen zuen. Hala eta guztiz ere, 2022an, Danimarkak, Alemaniak, Luxenburgok, Norvegiak eta Suediak, hau da, bost herrialdek bakarrik lortu edo gainditu zuten helburu hori.

Eta gu? Norantz begira ari gara? Nola bizi gara? Zer egiten dugu gure diruarekin?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak