Horretarako, uztaila eta abuztua baliatu ditugu iragan lau urte hauen errepasoa egiteko. Lehen irakurketa gisa, argi dago COVID-19 delakoak markatutako aldia dela eta pandemiak eragin garrantzitsuak izan dituela gure bizitzetan eta gure jardueran. Hala ere, bi herrialdetan presentzia izatetik –Mozambike eta Brasil– bost herrialdetan egotera igaro gara: Kolonbian, Ekuadorren eta Etiopian, hain zuzen ere.
Pandemiaz gain, Afrikan jarduten dugun herrialdeetako gatazkekin markatutako aldia izan da. Alde batetik, Mozambikeko iparraldeko gerrak 600.000 desplazatu baino gehiago eragin ditu azken hamar urteetan lanean ari ginen Cabo Delgadoko probintzian. Horrek bulegoak ixtera behartu gaitu eta gure jarduera murriztu behar izan dugu. Bestetik, Tigrayngo gatazkak, Etiopiako iparraldean, 100.000 desplazatu baino gehiago eragin ditu; ez du eragin zuzenik izan Arsi-oromia eremuan ezarri dugun gure lan-programan, baina herrialdearen egonkortasunari eragiten dio, elektrizitate-mozketekin, komunikazio-sistemekin, etxeratze-erasoekin eta moztutako errepideekin.
Gainera, Amerikan ere harremana dugun herrialdeen egoera politikoa nahasia izan da. Brasilen, esaterako, bertako presidenteak hartutako erabakiengatik, herrialdea COVIDak gehien kutsatu eta hil duen munduko bigarrenean kokatzeaz gain, herrialdeko gehiengoa bere kontra du, kudeaketa lazgarria dela eta. Bestalde, Kolonbian eta Ekuadorren talde indigenek beren gobernuen aurka hasitako protesta sozialen ondorioengatik.
Hala eta guztiz ere, urtero 15.000 pertsona baino gehiagorekin lan egiten dugu zuzenean –batez beste, 70.000 pertsona zeharkako onuradun izanik–, eta aldi horretan lagundutako ekoizpena bi milioitik zortzi milioira pasatu da urtean.
Ziurgabetasun-garaiak bizi ditugu, eta bizitzea egokitu zaigun testuinguru horren aurrean, Mundukiden elkartasun unibertsalaren, lanaren eta gizarte-eraldaketaren balioetan oinarritzen gara. Printzipio kooperatibo horiek izango dira, oraindik ere, gure lanaren oinarria.
Kooperanteak dira Mundukideren beste ezaugarri nagusietako bat. Hegoaldeko herrialdeetan egonik, onuradunen egoera eta beharrak gertutik ezagutzen dituztenak. Lankide hauek Euskal Herrian ditugun erosotasunetatik oso urrun bizi dira, eta gaixotasunak izateko arrisku handiarekin, gainera. Mozambikeko Alfonso gure lankide berriari gertatu zaion bezala, malariaz eta COVIDaz kutsatu baita aldi berean.
Gure lankideak gure lankidetza-ereduaren palanka nagusietako bat dira, eta gure modeloa prestakuntza praktikoarekin osatzen dugu. Izan ere, testuinguru bakoitzaren errealitatera egokituta, pertsonak ahalduntzeko eta lan egiteko tresna praktikoak eskaintzeko helburua dugu. Prestakuntza horrek pertsona, erakunde edo komunitate bakoitzak bere bizitza hobetzeko martxan jarri behar duen lana bultzatzen du. Mundukiden ez dugu ezer oparitzen, baina pertsonei aukerak eskaintzen dizkiegu, beren prestakuntzaren eta lanaren bidez aurrera egin dezaten.
Hori guztia ez litzateke posible izango kooperatiba munduaren elkartasunik gabe; izan ere, kooperatibek, interkooperazio mekanismo ezberdinen bidez, alde batetik, pertsonak uzten dizkigute Mundukideri aldi baterako, hegoaldeko herrialdeetan hemen bildutako esperientzia partekatzera joateko. Beste aldetik, ziurgabetasun garai hauetan hain garrantzitsuak diren finantza-baliabideez eta egonkortasun instituzionalaz laguntzen digute.
Lankidetza-sistema hori elikatu egin behar da. Horregatik, kooperatiba batzuekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Arizmendi Ikastolarekin lanean hasi gara, lan egiten dugun herrialdeetan bizi dugun errealitatea kooperatiben kolektiboari eta gazteei helarazteko. Eta, horrela, haien kontzientzia kritikoa eta mundu hobe baten alde lan egiteko gogoa elikatzeko.
Hurrengo lau urteetan pertsona gehiagorengana heldu nahi dugu. Eta gure laguntzarekin haien lana, produkzioa eta salmenta indartzeko asmoa daukagu, haien burujabetza handitzeko. Eta horretarako, finantzaketa beharko dugu, gure sistema eta prozesuak eguneratu, digitalizazioa baliatu beharko dugu, eta aldaketa klimatikoaren kontrako neurriak sustatu beharko ditugu. Baina, batez ere, pertsonak beharko ditugu. Gure izaera kooperatiboa munduan zehar zabalduko duten pertsonak, alegia.
Askotan, iraileko planak udazkeneko haizeak eramaten ditu. Guk egia bihurtu nahi ditugu. Eta horretarako ez gaude bakarrik. Debagoieneko GKEek eta kooperatibek bultzatzen dute gure eginkizuna. Erakunde publikoek aintzatesten dituzte gure proiektuak. Eta ekarpenak egiten dituzten pertsonak, boluntarioak eta langileen kolektiboak konpromiso sendoa daukagu behar gehien duten milaka pertsonari epe luzerako alternatiba lagungarriak eskaintzeko.