'#Basotikzer'

Gipuzkoako Foru Aldundiak Basotik fundazioa aurkeztu du, "basoen kudeaketa jasangarrian jauzi kualitatiboa" eman nahi duela esanez.

Baso Biziak Plataformari zalantza asko sortzen dizkio adierazpen horrek; izan ere, estatutuak ez dira oraindik publikoak eta, hala ere, aurrekontuetan bi milioi zuzendu zaizkio delako fundazioari.

Indefinizio maila interesatua ikusten dugu baso hitzaren inguruan; izan ere, etengabe, ustiaketa industrialari buruzko aipamenak agertzen dira horren eginkizuna definitzeko.

Jabego pribatuen lurrei begira egin nahi duten interbentzio hau zehatz-mehatz kuantifikatzen dute, baina ez da gauza bera gertatzen kontserbaziorako edota baso-babesleen figuraren inguruan, non ez baita azalerarik aipatzen; zergatik ote?

Hauek dira gure balorazio kritikoaren puntu nagusiak:

-Basoak etekin industrialaren bidean jarri nahi dituzte, monolaborantza mantenduz, enpresa berri bat sortuz, gerora, diru publikoarekin pribatizatzeko.

-Azalera hori kudeatzeko monopolioa sortu beharko lukete, proiektuan sartu nahi ez dutenen gainontzeko herri-ereduak hondamendira bultzatuz.

-Lurren lagapena planteatzen du jabeen partetik; jabeek ez lukete ezer egin behar, lurrak Aldundiari utzi eta urte bukaeran konpentsazio ekonomiko bat kobratu. Horrek, kudeaketan, lehen sektorearen eta baserritarren abandonua ekarriko luke.

-"Basoen rola funtsezkoa da hondamendiak –suteak edo uholdeak– prebenitzeko edota higadura saihesteko", dio Basotikek. Arrazoi berdintsuengatik, 1994-2030eko planean 70.000 hektareatan baso-babesleak ezarri behar zirela esaten zen. Basotik fundazioak martxan jarriko al du plan hori?

-"Karbonoa konpentsatzeko kredituak kudeatzea eta merkaturatzea egongo da", dio Basotikek. Balantze orokorrean, biomasa industrialera bideratutako landaketa batek ez du emaitza positiborik CO2ren borrokaren aurka.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu kontuan har ditzan egoera tamalgarri honetara ekarri gaituen monolaborantza sistemaren ardurak eta kalteak, eta bide berriak jorratu ditzala uraren, lurraren, airearen eta horri lotuta dagoen herritarron osasunaren mesederako.

----------

Joseba Zuzaeta

Baso Biziak Plataformaren izenean

Debagoiena

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak