Bildarratz, oraingoan bai!

Ikasturtea amaitzera doa, baita Jokin Bildarratz hezkuntza sailburuarentzat ere.

Ez genuen uste, iazko irailean, horren ondo suertatuko zitzaigunik: pandemiari aurre egin zaio, leku seguruak izan dira ikastetxeak, ikasleek bikain jokatu dute, konfiantza adierazi dute irakasleek, gurasoek pareko erantzuna eman dute, Eusko Jaurlaritzak baliabideak eskura jarri ditu eta, finean, hezkuntza-sistema ez unibertsitarioak ekonomia eta gizartearen zutarri dela egiaztatuta utzi du.

Ikasturte hasierako gatazkak bideratu ostean, ikastetxeok pandemia bihurriari erantzuteko behar genituenak eskura jarri zizkigun Hezkuntza Sailak, bai baliabide material eta funtzionalei zegozkienak, bai harreman eta komunikazio esparruei zegozkienak ere. Han eta hemen ikusi dugu Bildarratz, batzuetan hedabideetan isla izan duten kontaktuak praktikatuz, eta beste askotan oihartzun mediatikorik gabe. Ikastoletako zuzendari guztiok batera aurrez aurreko batzarra egin genuen. Lehena Eusko Jaurlaritza martxan denetik. Zerbaiten adierazle. Eta bileraren edukiari buruz eta batzarra kudeatzeko estiloari buruz beste horrenbeste esan daiteke. Berdin aipagarri dira kristau eskolekin eta ikastetxe publikoekin egin dituenei buruz.

Bilera horietan eta hedabide nagusietan agertu dituen ikuspegiei dagokienez, berriz, badira azpimarratu beharreko zenbait osagai, diskurtso berritu baten tankera dutenak: hezkuntza-eraldaketa, pertsonan zentratutako heziketa, ikaslea ikaskuntza-prozesuaren erdigunean eta protagonista aktiboa, familien eta irakasleen rol gidatzailea, horren guztiaren ondoriozko ikastetxe komunitarioen beharra, eskola ahaldunduaren kontzeptua, autogestioa indartu beharra, sistemaren deszentralizazioa, hezkuntza ez formalaren garrantzia, udal mailako bateratze guneak sortu beharra… Euskararen erabilerari eta hezkuntza euskaldunari fase berria irekitzearekin batera, digitalizazioaren erronkak dakarren rol eta eredu berrikuntza plazara ekarri ditu sailburuak.

Agian, horiek guztiak kontuan izanez, hezkuntza euskalduna ondasun komunaltzat dugunok Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistema ez unibertsitario berritu bat egituratzen amestu dezakegu? Gobernu-kide biak baino haratago joango litzatekeen akordioa desiragarria bezain ezinbestekoa litzateke. Zabala eta egonkorra. Euskararen aberriarekin batera, hezkuntzaren aberri hartuko lukeena. Ikastolak, kristau eskolak eta publikoak egituratze nazional eraikitzaile baten norabidean jar gintzakeena. Atzera baino gehiago, aurrera begiratuko duena.

Bildarratzek bere ikuspegi eta gogoen arrastoak marraztu ditu. Ikastetxeokin, hedabideetan eta Legebiltzarreko agerraldiez ibilbide bat abiatu du. Berrogeita bi urte beteko dituen Eusko Jaurlaritzak, Gernikako Estatutuaren argitan, Hezkuntza Euskaldunaren Lege Proiektua plazan jartzeko garaia heldu da. Behar dugu. Lege estrategikoa eta agertoki berri baterako progresiboa. Euskararen 1982ko Legea bezain oinarrizko eta zabala. Adostua.

Uztailaren 15ean, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak antolatutako mintegian adierazi nuenez, euskal hezkuntza-sistemari beharrezko legegintza-maila eta zilegitasuna erantsiko dion Legea behar dugu, gizarte-esparru malgu, ireki eta konprometituak sortzeko eta gizarte-ekintzaren eta erakunde ekintzaren arteko lankidetzaren fase berriari ekiteko. Ditugun hurrengo erronkei erantzuteko: aldaketa sozialak, demografikoak eta kulturalak; berrikuntzaren talentua; zientziak eta teknologiak, globalizazioan; desberdinen arteko espazio partekatuak; identitatearen berritzea; gobernantza-eredua eta herritar aktiboak; hezkuntza ez formala eta tokiko erakundeak; garapen jasangarria…

Alegia, ikasi dugu hezkuntzak erantzun behar diela tokian tokiko eta unean uneko egoera errealari eta munduaren egungo eta etorkizuneko erronkei.

Hezkuntzaren subjektua, pertsona, momentuko ikaslea eta betirako ikaslea ekintzan jarri behar dira, norbanakoa sendotzeko eta bere bizitza-proiektua eraikitzeko, ni marko mentala gorpuzteko, nik sortzaile, ekintzaile eta eraldatzailea akzioan jartzeko.

Eta, aldi berean, pertsonen arteko harreman eta jardueren bidez jardutea. Hezkuntza-komunitatea, lehenik haurrak, nerabeak eta gazteak, segidan horien senideak eta inguruko gizartea interakzioan jarri behar dira, irakasleen eta gainerako profesionalen laguntza humano eta profesionalak eraginda.

Horrela, ikaskuntza esanguratsua errotuko da, ikasten duen giza taldea osatuko da, gu euskaldun horren identitatea konfiguratzen joango da, guk sortzaile, ekintzaile eta eraldatzailea praktikatzeko. Habitus euskaldun berria.

Oraingoan bai!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak