Iparraldeko ikastolak, pozarren

Askotan esan eta idatzi izan dut euskaldunok mendeetan zehar Espainiako eta Frantziako hezkuntza-sistemaren ondorio kaltegarriak jasan behar izan ditugula, bi estatuon erregimen politikoa monarkia, inperioa, errepublika, diktadura edo konstituzionala izanik ere.

1969an, Ipar Euskal Herrian, Seaska martxan jarri zen, haur gutxi batzuekin, horien gurasoekin, andereño batekin eta herritar multzo mugatu baten euskarriarekin. Hezkuntza euskaldunik ez zen Iparraldean, Frantziako Estatuak ia 200 urtetan zehar hizkuntza frantsesa inposatzeko hezkuntza elebakarra aplikatzen zuelako eta gainerako ele eta kulturak – bretoia, okzitanoa, katalana, alsaziarra, korsikarra, euskalduna– debekatuta eta zapaldu egiten zituelako.

Frantzia iraultzaileak 200 urte horietan gaurdaino erregimen politiko anitz izan ditu: diktadura, monarkia, inperioa eta errepublika. Guztiek, hala ere, ezaugarri komuna izan dute: frantsesa inposatzea eta besteak desagerraraztea. Eta bere erreminta eskola publikoa izan da –gomendatzen dut Patrick Castoreoren Langue basque et enseignement en France de 1789 à 1993 tesia irakurtzea–.

Alegia, Hegoaldeko euskaldunok euskararen eta gure kulturaren galbidea soilik diktadura frankista eta horren eskola nazionala izan direla uste bagenuen, Iparraldeko euskaldunek erakutsi digute Frantzia demokratikoaren jardun menperatzailea, erregimen frankistaren parekoa.

Seaska bidez, ikastolak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan zehar hedatu eta indartu dira. Hezkuntza euskalduna asmatu eta garatu dute. Euskaraz eta euskal kulturaz ibilbide pedagogikoa egin dute. Frantziako Estatuak jarritako hesi eta oztopo guztien gainetik iraun dute. Aitortza eta lehen dirulaguntzak Barne Ministerioak, ez Hezkuntzak, eman zizkien. Haur Hezkuntzaren ostean, Lehen Hezkuntza abiatu zuten. Segidan, Kolegioa –11-14 urte artekoa–. Eta azkenik, Lizeoa –unibertsitate aurrekoa–. Iparraldeko ikastolek, bestalde, gobernantza herritarra praktikatu dute urte horietan zehar: gurasoen diru ekarpenekin eta irakasleen lansari eskasekin batera, gurasoen, ikasleen eta irakasleen arteko auzolana –mantentze eta obrak– Herri Urrats bidez aparteko dirulaguntzak jasotzea, han eta hemen, Iparraldean eta Hegoaldean diru eta sostengua biltzea eta urtero Hegoaldeko Ikastolen Elkartasun Kutxa.

Estilo hori, inteligentzia hori esango nuke, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako beste herri batzuetako eremuetara eraman dute, hautetsiengana, gizartera, identitate propioarekiko kontzientzia eta harrotasuna zabaltzeko asmoz. Bidean bretoiak, okzitaniarrak, korsikarrak, katalanak izan dituzte lagun eta lankide. Ikastolak ez diren zenbait ikastetxe-talderekin ekimen partekatuak –Ikas-bi eta Euskal Haziak– horren emaitza dira.

Pasa den hilean, apirilaren 8an, Frantziako Asanblada Nazionalean, prozesu baten amaiera ezin gozagarriagoa dena, eta prozesu berri baten abiapuntu itxaropentsuagoa izan litekeena, onetsi zen: Frantzian diren lurralde hizkuntzak –bretoiera, euskara, korsikera, okzitaniera, katalana…– hezkuntza-sisteman eskaintzeko obligazioa du gobernuak, hain preziatua duen eskola publiko elebakarrean, hain zuzen ere. Ikastolek 1969tik gaurdaino praktikatu duten murgiltze eredua onetsi da eta eskola publikoek euskarazko irakaskuntza eskaini behar dute.

Ez da erraza izango aurrerantzean egin beharko dena, mendeetako mentalitate frantsesa oso errotua baitago. Ondo asko dakigu Hegoaldeko euskaldunok, Eusko Jaurlaritza alde izanda ere, zenbat kostatu den Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza euskalduna orokortzea, eta zenbat oztopo eta zangotrabatze ditugun Nafarroa Garaian.

Zer ikasi behar dugu prozesu herritar honi buruz? Gizartearen eraldaketa posible dela erakusten digu, bistan denez. Berrikuntza sozialaz ikertzen diharduen Young Foundation delakoak social innovation kontzeptua honela definitzen du: Innovative activities and services that are motivated by the goal of meeting a social need and that are predominantly developed and diffused through organizations whose primary purposes are social. Alegia, beharrizan sozial bati erantzuteko sortzen diren ekintzak eta zerbitzu berritzaileak, nagusiki helburu sozialak dituzten elkarteek garatu eta zabaldu egiten dituztenak.

Berrikuntza sozialak ez du zerikusirik eremu publikoarekin, ezta pribatuarekin. Beste logika bat da, beste kultura bat. Eta hiru fase dituela diote adituek: lehena, asmatzea (invention), ideia berria jalgi egiten da, sortze kolektibo edo soziala duena, beste edozein sorkuntza teknologiko edo artistiko bezala; bigarrena, ideia errealitate bihurtzea, praxian eraikitzea eta garatzea, zerbitzuak, produktuak eta prozedurak aktibatzea eta denboran eustea; eta hirugarrena, beste batzuekin partekatzea, zabaltzea.

Horixe bera dira Iparraldeko ikastolak. Gizartearen eraldaketa dakarren berrikuntza soziala. Zorionak!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak