Lanabes

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sarasua Maritxalar

Larunbatean lagun baten baserrian igeltserotza lanetan aritu ginen, Zaldibian.

Gure etxean ekainean bi konponketa egitea ere egokitu da. Bizikletak ere behar izan du erreformatxo bat. Maiatzik ez duela egin, eta ekainera etorri dira ortuko aitzur-lanak. Gero, Orion hesi bat kentzen, rotaflexaz gain, aihotza ere erabili behar izan dugu, aspaldiko partez, sareari itsatsitako sasiak libratuko baziren. Tresna praktikoa, aihotza, kirten luzedun igitai haginduna.

Berba ederra iruditzen zait lanabes. Hamabost egunotan pasatuko ziren eskuetatik hogei bat: paleta, llana haginduna, zintzela, bihurkina, nibela, taladroa, barautsak, aitzurra, sega, aliketa, tenazak, rotaflexa, aihotza, torloju giltzak, ingelesa, mailua, allenak, zuhaitz-guraizeak, eskuarea, trintxa. "Normala!", esango luke jende askok. Besteren batek esango luke: "Baina hik ez daukak, ba, lan intelektuala?". Beharbada, zer pentsatua emateko, esango nioke lan intelektuala esku-lanabesetatik elikatzen dela. Erreminta bakoitzak bere ikasgaia erakusten duela, eta trebetasunek konexio ezkutuak egiten dituztela soluzio mentalekin. 

Azken hori asko esatea izango da. Baina ohikoagoa da bestea, lanabesetatik askotxo urrundutako bizitza. Gizarte hiper-espezializatuak bere gauzak ditu, eta inutil funtzionalak sortzen ditu gauza gehienetan. Jende askok ez daki horma bat egiten, zorua jartzen, armairuak konpontzen, argi-matxurak bere onera ekartzen, basoa garbitzen, josten, lurra lantzen, etxeko hodi bat kondenatzen. Ondorioa da edozertarako profesionalen menpe geratzea. Baina beste ondorio hau iruditzen zait mamitsuagoa: guk galtzen dugu gaitasunen gama. Aipatu ditudan lan horietako bakoitzak dozenaka lanabes eskatzen ditu, eta lanabes bakoitzak bere artea erakusten du, mini-estilo bat eskatzen du, posibilitate-gama bat dakar eta angelu berri batean ahaldun bihurtzen zaitu. Denen konbinazioak irtenbide sortzaileak emateko gai egin zaitzake. Horrela, ez zinateke idazten dakien idazlea, edo futbolean dakien futbolaria. Lan eta arazo mota askori erantzuteko gaitasun sorta zabal samarra garatu duen pertsona zinateke, eta igual, gero idazlea ere bazara. 

Haur batek ze arlo landu beharko lituzke bizitzarako prestatzeko? Duela urte asko, galdera horri erantzunez hamabost arlo atera zitzaizkigun, eta horietako bat hauxe zen: lan fisikoaren esperientzia, lanabesen jabekuntza. Ez diot eskolari begiratzen. Umeak eskolaren eta eskolaz kanpokoen artean enplegatuta dituzten gurasoek ematen didate zer pentsatua. Zera eskatzen dit barruak: ez ditzagula haurrak hainbeste enplegatu. Umeekin, egon, jardun. Eta benetako gauzak eman. Tartean, benetako lanak, eta lanabesak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak