Negua

Erabiltzailearen aurpegia Jon Irizar Aranguren

Biharamunaren biharamuna neketsua izaten da. 

Sarritan, biharamuna bera baino astunagoa. Eta ez soilik atzean uzteko nahiari ezina gailentzen zaiolako, datorrenari ezkerreko hankarekin ekiteagatik baizik. Adinak ere izango du zeresana, noski.

Oñatin bada formalizatu gabeko esaera bat dioena Errosarixo Bixamonarekin batera amaitzen dela uda, eta udazkenari izkin eginez, neguak argitzen duela biharamunaren biharamunean. Asko esatea da neguko solstizioa iristeko bi hilabete luze falta direnean. Gehitxo, akaso. Baina begirada altxatu, eta ilun ikusten da zeruertza. Ilunegi.

Tarte batez edozein hedabideri erreparatzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Bazen garaia etxebizitzaren gaia lehen lerrora ekartzeko; zenbat Maricarmen egongo ote dira han-hemenka. Momentuz, baina, urrun dirudi esku-hartzeak. Ea udaberrirako uzta loratzen den. Beste hainbeste oihartzun izan zuen Ceutako migrazio-krisiak, baina bete zituen, antza, bete beharreko lerroburuak. Egun dirudi etekin politikoa ateratzea dela gelditzen den bakarra; arazoaren muinean kokatzen diren norbanakoak ahanzturan erortzera bidean dira. Eta pertsonez ari gara hizketan. Pribilegiatuon zilborrak. Are, zaila da jakiten zenbat eskuin dituen eskuinak, eta non aurkitu litekeen muturra. Kontzientzia etikotik, behintzat, gutxi dute hauspotzen ari diren diskurtsoek. Eta kafe bueltako irakurraldia amaitzeko, ginga: Espainiako hauteskundeak, foru eta udal hauteskundeen bezperan. Asimilazio betean, gainera. Ezer gehiago? Nahi beste, begirada Pirinioez gaindi edo Atlantikoaz bestalde luzatuz gero.

Paso egin, behatu, edo parte izan. Hiru aukera esku artean. Erabakiak erabaki, ziur dakidana da nekez utziko dugula ezer atzean datozen hilabeteotan, ekiteko hanka dena delakoa izanda ere. Esapideak ez du hutsik egiten: aurten ere iritsi da biharamunaren biharamuna. Eta luze dator, gainera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak