50 urte barru

Erabiltzailearen aurpegia Jon Irizar Aranguren 2026ko ekainaren 30a

2026ko ekainaren 7a, igandea. 

Hamaika herritar hasi dira erdiguneko kaleetan mimoz zabaldu dituzten ixaak zapaltzen. Ertzetik, ehunka lagun begira.

Kanpai hotsak, eta isiltasuna. Domekatako arropak janzten omen ziren gaurko egunez duela hamarkada batzuk; ez dira urrun egungo hainbat herritarren soineko, alkandora eta zapatak. Parez pare, La Polla Records-en kamiseta soinean duen gazte bat. No somos nada, letra larriz. Bat gehiago da begira.

Txistu eta danbolin hotsak, eta isiltasuna. Gizonezko zis oñatiarrek soilik desfilatzen omen zuten duela hamarkada batzuk; ez dira urrun egungo profil dominante eta otzanduak. Parez pare, lau neska gazte kuxintxoa sorbaldan. Eta dagoeneko igaro dira hamaika herritar, jatorri eta arraza hegemonikotik aldentzen direnak. Beste hainbeste begira.

Kriskitin hotsak, eta isiltasuna. Erreberentziak eginez baretzen omen zuten hauspoa gizonezko gonadunek duela hamarkada batzuk; ez dira urrun egongo atsedenerako tarte hutsalak ere. Parez pare, lau emakume, eta bataiatu gabeko kideak. Kaleko jantzita beste zenbait, begirunez (eta inbidiaz) begira.

Bandaren doinuak, eta isiltasuna. Udaltzainen babespean, herriko agintari nagusiek ixten omen zuten martxa duela hamarkada batzuk; ez dira urrun egungo batzuen moldeak. Parez pare, ordezkarien herena baino gutxiago. Eta udalbatzako beste zenbait, ertzetik begira.

Duela 50 urte eszeptikoenek ere ez lukete egungo zenbait argazki irudikatuko. Ekiteak (eta egiteak) bihurtzen badu zerbait usadio, hala zenak ez duelako hala izan behar denik esan nahi. Ezta hala izango denik ere.

Eta 50 urte barru zer izango den? Norberak hausnartu beza. Izango den, aurrena. Eta, bada, nola izango den hurrena. Nahi duenak, ekin (eta egin) beza.

Gustura behatuko nuke behatxulo batetik. Baina tarte labur batez, osaba-izebak eta lehengusu-lehengusinak mahaiaren bueltan zain ditut eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak