Martxoaren 30a

Erabiltzailearen aurpegia Jon Irizar Aranguren 2026ko martxoaren 24a

Badator. 1980ko azaroaren 29an egin zituen lehen urratsak, lekukoa eskuan, Eli Galdos Oñatiko alkate zenak. 

Nekez imajinatuko zuten Sancti Spiritus Unibertsitate atarian antxintxika abiatu ziren haiek sortu zuten ekimenak 46 urte geroago duen sinbolismoa eta indarra.

Arrazionalki, ez dago, hizkuntza oinarri, herri izaera eta batasuna irudikatzen duen neurri bereko ekitaldirik. Eta zaila zait hautatzea hizkuntzaz haragoko beste ekimenik ere. Pello Reparazek ondutako kantak bikain biltzen ditu ideiok. Korrika, zerbait bada, maitasun eskutitz baten bide luzea baita, Xiberutikan Mendebaldera doana; hots, zazpi probintzia izatearen ikur da, elkargunea. Hizkuntza. Izatetik duen beste du sinbolismotik.

Irrazionalki, aitortzen dut ez dela erraza azaltzen euskaltzale batentzat Korrikak sortzen duen zirrara. Hamabi egunez, egoera, ordua eta espazioa dena delakoa izanda ere, gogora datorkit Zaldieroa-k 2011n Berria egunkarian argitaratutako zinta. Honela zioen: Egun hauetan hunkigarria da pentsatzea edozein ordutan, nonbaiten, zoro zoragarri batzuk euskararen alde korrika dabiltzala. Furgoneta, lekuko eta pankarta baten soiltasunean, milaka norbanakoren babes keinu bateratua baita. Eta izateko –edo bizirauteko– bide da indar kolektiboa.

Ez da zilegi ekin eta egin aurretik datorrenaz hausnartzea. Bai, ekin eta egin daigun, eta gozatu dezagun. Baina galduko ditugu begi artetik furgonetaren hots eta argiak. Etorri bezain pronto joango da. Eta etxera bidean izango dugun emozioen dantza horretan, izan gaitezen jakitun argituko duela martxoaren 30ak ere. Sinboloak gurtzeak arriskua baitu txanponaren beste aldean; indar kolektiboa enblemaren eraikitzean metatzea, izatearen arrazoia eta xedea albo batera utzita. Ez dezagun bi urte barrura arte ahaztu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak