Azkenaldian, baina, arrotza zait sarritan jaietako barra ertza. Har itzazue, arren, lerro xume hauek kritika eraikitzaile gisa.
Lagunarteko bazkalondoetan hizpide izan dugu azken urteetan izan den eredu aldaketa. Zehazki, txosnetan –eta, zer esanik ez, interes partikularreko tabernetan– gure belarrietara iristen diren doinuetan izan den paradigma aldaketa.
Ez gara gure garaietan hasiera duten esaldi topikoez ari. Lekutan gelditu dira Kortatu, Sorotan Bele, Kuraia eta enparauak. Eta hala behar dute izan: dagokien garaira egokitutako espazioak. Baina kezkaren iturburua Ezpalak, Kai Nakai, Malakias eta egungo euskal musika eszenako artisten bidetik dator. Are, herri mailan, eta ez horren maila lokalean, dugun paradigmatik: Malko, Lehen Lerroa, Sukena, Letagin eta abarretatik.
Kultura herri osasuntsu eta ikasi baten oinarria dela sinesten dut; gizarte baten garapenean eta heltzean inpaktu zuzena duen elementua. Eta zalantzak ditut, epe ertainera begira, zein izango ote den egungo hautuek ekarriko duten jendartea. Azaroan Berria egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean hauxe zioen Gorka Urbizuk: "Uste dut herri honen ondare nagusietako bat musika dela eta hori zaindu, bultzatu eta babestu egin behar dela". Eta zorrotzago mintzatu zen Lide Hernando abuztuan kazeta berean: "Inperialismoaren kontrako diskurtsoa galtzen ari da". Eta bai, musika inperialista entzuten ari gara, salbuespenak salbuespen, norbere auzoaren eta herriaren bizitza zein onura abiapuntu eta helburu duten espazioetan.
Aixotu herriko euskara taldeak batzorde zein eragileekin gaia lantzen ari direla jakinarazi zuen urriko Kontzejupetik aldizkarian. Ez dira gutxi batzuen bazkalondoetako hizketaldi ustelak, beraz. Eta haien hitzak nire eginez, hausnarketarako galdera: nork entzungo du, guk geuk entzuten ez badugu?