Baneki

Erabiltzailearen aurpegia Jon Irizar Aranguren 2024ko ira. 14a, 00:00

Egubakoitz goiza. 08:06. 

Patuak hala erabakita, Sopelatik Abandorako bidea egitea egokitu zait gaur, metroz. Ezohiko lekuan edo, arrotz sentitu naiz nasa ertzean. Bospasei pertsona badira errailen beste aldean; Urduliz edo Sopelan ere izango da lantokirik, nire artean.

Ateak ireki, datozenei lekua utzi, eta goazenok hartu diegu txanda. Barrura. Ezkerrera begiratu, eta eserlekuak lepo. Eskuinean, hurrengo bagoirako pasabidea. Altuok leihopeko plastikozko altzarian ipurdia jartzeko egina dago hau, Jon. Luze egingo lirateke, osterantzean, 34 minutuak.

Ingurukoei begira igaro ditut lehen minutuak. Kasko txikiak jantzita adin erdiko emakumea; irratia entzuten, ziur!, lehen gogoeta. Leihoetako hezetasuna akuarela bihurtu du haurrak, aitonarekin eskolarako bidean edo. Hau, Iberdrola dorrera, liburu bat irakurtzen dabilen traje eta gorbatadunaz. Zergatik ote darama soineko arrosadunak musukoa? Ilun dago zerua. Lutxanara heldu orduko sartu da trena lur azpian. Are ilunago bihurtu zait bidea, eskuetan darabilten hamarnaka mugikorrek bazterrak argitu arren.

Nor ote da? Nondik ote dator? Nora ote doa? Azterketa soziodemografiko bat egin dut oharkabean, nire betaurrekoetatik. 

Isiltasuna. Minutuan behin soilik altxatzen da ahots bat bagoien triki-traka baino gorago; euskaraz lehenengo, gazteleraz hurrena. Jendearen sartu-irtena, eta aurrera. Isiltasuna. Elliot Aronson-en El animal social liburuaren izena etorri zait gogora: animalia asko, baina sozialetik gutxi. Interakzio sozialik ez hamabost minutuan. Bakoitza berera. Nolakoa izango zen 1995ean Ardanzak martxan jarritako metroa?

Aspertu naiz begira. Bat gehiago bihurtzeko erabakia hartu dut. Norbaitek pentsatuko zuen dagoeneko disimulu gutxiko zelatari bat naizela! Mugikorra poltsikotik atera, eta nire gogoetak hitzez harilkatzen jarri naiz. Irakurri berri dituzun hitzak, hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak