Denboraz

Erabiltzailearen aurpegia Jon Irizar Aranguren 2024ko urt. 13a, 00:00

Denbora da hitz segida hau denboraz idaztea otu zitzaidala. 

Faltan izan dut, baina, zegokion egunean bidaltzeko idatzia atal honen arduradunari. Paradoxa, edo.

Egutegiko azken orria kendu eta berria zintzilikatzeak itzuliko ez garen muga bat ezartzen du denboran. Hartzen dugu tartea esertzeko, solas egiteko, eztabaidatzeko, etorri berriei izan zirenez hitz egiteko. Izaten da hausnartzeko tartea ere. Egindakoei ertzak aurkitzeko, egin gabekoei arrazoiak bilatzeko. Eta, batez ere, egin beharrekoei mugak ezartzeko. Denbora mugak, alegia.

Nekez eutsiko dio denboran bere burua astean hirutan kirola egitera behartzen duenak. Nekez azken keak arnastu izana uste duenak. Nekez eutsiko dio denboran ohitura izan eta orduz kanpo lanik egingo ez duela dioenak. Nekez nahita edo orduz kanpo ere arituko dela uste duenak. Eguneko maskara aukeratzen aritu izana leporatu zigun 2014ko udazken hartan Urbizu maisuak, Denbora da poligrafo bakarra abestiaren hitzetan. Beste dena aieru; beste dena keinu. Finean, nekez baita denbora asmo, nahi, izate edo behar baten mugarri. Eta denborak berak jartzen baitu bakoitzaren aierua agerian, egutegiko azken orria kendu, eta ostera egin gabekoei arrazoiak bilatu bitarte, bederen.

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko 34 azpisarreretan jasota ez dagoen arren, egun denborari izen bat lotu behar banio, kalitatea litzateke. Kalitatezko denbora, alegia. Joateko etorri gara; denbora kontua da. Baina tarte horren kudeaketa da, hein batean, izatearen giltza. Zer den denbora kalitatea? Ez naiz nor erantzun osatu bat harilkatzeko. Baina egin nahi den horri eskaintzeko nahi den tartea izatea, behintzat, bada erantzunaren zati. Eta, bai, denbora mugarik ezarri gabe, kalitatezko denbora eskatu diot hormako egutegi berriari. Eta zuri ere kalitatezko denbora izatea opa dizut, irakurle.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak