"Etika demokratikoa"

Erabiltzailearen aurpegia

Aretxabaletako Udala etika demokratiko gabeziaren beste adibide bat dugu.

Bildu koalizioko zinegotzi batek (udal hauteskundeetan 13 zinegotzietatik 7 lortu zituen Bilduk) arrazoi pertsonalak bitarteko irailean dimititu ondoren, koalizioak ordezkoa "izendatu" du, Iñigo Louvelli Nieves. Hiru hilabete luze joan dira izendapena eman den arte. Gauzarik arraroena, ordea, koalizioaren udal hautagaitza-zerrenda (itxaropentsua suposatzen zena) osatzen zuten gainontzeko 7 hautagai eta bi ordezkoetatik inork zinegotzi ohi horren tokia bete ez izana da. Hutsunea eman den taldearen eskariz, Iñigo Louvelli Nieves izan da izendatua (hori bai, beti gaitzetsi duten espainiar legedi horretan oinarrituta). Kasualitatea? Edo aretxabaletar herriari iruzurra? Arraroa den zerbait ari da gertatzen Aretxabaletan bederatzi hautagaik Udalean sartzeari uko egiteko (koalizioaren zerrenda Ezker Abertzale, Eusko Alkartasuna eta Alternatibako kide eta zaleek osatzen zuten). Deserosoak ote ziren hautagai hauetako batzuk Udal Gobernuarentzat? Koalizioko alderdi hegemonikoaren "gobernatzeko era berriarekin" ez ote zetozen bat? Edo soilik, bederatziak "uko" eginarazi dituzte komisario politikoa kokatzeko? Agintzen dutenekin ados ez egonik mugitzen hasi eta "koalizioaren" argazkitik ateratzen –edo kentzen– hasi diren sintoma ote da? Bildu koalizioak 2011ko udal hauteskundeetara aurkeztutako zerrenda hustu izanagatik azalpenak merezi ditu Aretxabaletako herriak; aurreko zinegotziaren hutsunea betetzeko udalbatzar bat egitea ez da nahikoa; zinegotzi berri hau ez zen izan Bilduk aurkeztutako zerrendan bozkatua. Bere izena ez zen inongo zerrendatan ageri. Jokamolde hau etika demokratiko eza gisa ezagutzen da. Zinegotzi berria izendatzeko formula martxoaren 10ko 1/2003 Lege Organikoan dago oinarrituta eta Espainiako Juan Carlos I.a Erregearen hitz hauekin berretsia: "A todos los que vieren y entendieren / Sabed: Que las Cortes Generales han aprobado y Yo vengo a sancionar la siguiente Ley Orgánica. / Por tanto Iñigo Louvelli Nieves será nuevo edil del Ayto. de Aretxabaleta por decisión del Rey de España Yo / Juan Carlos I, quede escrito y archivado para la posteridad".

--------------------

Joxe Migel Uribarren

(Aretxabaletako EAJ-PNV)

Aretxabaleta

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.