Debagoienean ekoizten dena Debagoienean kontsumitzea da gure helburua

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Larrañaga 2022ko urr. 15a, 00:00

Arrasaten eta Bergaran kokatzen den denda-topagunea da Ereindajan. 

Egun, 720 bazkidetik gora batzen ditu bailaran, eta bertakoak, osasuntsuak eta justuak diren produktuak eskuratu daitezke bertan. Debagoieneko 33 ekoizlek beraien produktuak saltzen dituzte: ogia, barazkiak, haragia, gazta, sagardoa, garagardoa... Elikadura burujabetza oinarri hartuta, bailarako ekoizle eta kontsumitzaileei zuzeneko salmenta bermatzen die proiektuak.

Egun, Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaien %5 soilik produzitzen dira lekuan; gainontzekoa kanpotik dator. Elikadura burujabetza kontu estrategikoa dela azaldu nahi dugu.

Debagoienean, XX. mendean, industriak goraldia izan zuenean, industrialdeak laborantzarako lurrik egokienetan ezarri ziren. Lur emankorren galerak baserria uztera eraman zituen familia asko.

Urteak pasa ahala, begi bistan da lehen sektorea ia ikusezin bihurtu dela gure bailaran, gizarteari eskaintzen dion ongizateari uko eginez: osasuntsuak eta lekukoak diren elikagaien sorrera, naturaren zaintza, lurraldeko kulturaren jarraikortasuna…

Gainera, azken urteotan, AHT moduko proiektuek sakon txikitu dute landa eremua eta etorkizun laburrean ere mehatxatuta daude gure lurrak. Bizi dugun krisi ekologiko eta energetikoaren aurrean, energia berriztagarria sortzeko presioa iritsi baita. Behar dugun energia bertan sortzearen aldeko hautua egitea ezinbestekoa da, baina ez edozein modutan. Bailaran, zorionez, badauzkagu megawattak sortzeko estalpe eta lur ez-emankorreko guneak. Beraz, lehenengo sektorerako, nekazaritza zein abeltzaintzarako erabiltzen ditugun lurrekiko errespetua bermatzea beharrezkoa da. 

Elikagai produkzioa handitu eta inportazioen menpekotasuna txikitzekotan, begi bistan da nekazaritzako lurrak mantendu beharko ditugula. Elikadura burujabe eta duina duen herria jasangarriagoa baita. Baina kontzientziak astindu behar dira, norbanakoen kontsumo ohituretatik hasten baita guztia. Gure udalerrietako agintariek ere, badute zer pentsatu, landu eta priorizatu.

----------

Jokin Larrañaga, Maria Amasene, Julen Mendarozketa, Mikel Lizarribar, Ion Murgiondo, Eider Murgoitio, Maite del Rey eta Asun Arana

Arrasateko Ereindajaneko zuzendaritza eta langileak

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak