Arrazoia, ez niola aseguru-etxe horri jakinarazi bi hilabeteko aurrerapenarekin autoaren asegurua bertan behera utzi nahi nuela.
Mapfreren bezero izan naiz urte askoan. Denetariko aseguruak izan ditut harekin: etxekoa, autoenak, pentsio-funtsak... Gaur egun, oraindik ere, hainbat poliza daukat harekin. Jakina, ez luzerako.
Arrasateko Loramendi kaleko bigarren zenbakian dagoen Mapfreren bulegoan lehengo arduraduna ez dagoenetik –unibertsitatearen ondoan–, eta bezeroak beste konpainia batera joan daitezen saihesteko, Mapfre multinazionala zera egiten ari da: sistematikoki, burofaxak bidaltzen dizkie bezeroei; alegia, baja hartu nahi dutela bi hilabeteko aurrerapenarekin abisatzen ez duten bezeroei.
Burofaxak, presio egiteko, ordainagiria ordain dezaten, auzibidera joko duten mehatxuekin, herritarrei, urte askoan Mapfreren bezero izan den jendeari, jende umilari, erreferentzia galdu duen jendeari Uribesalgo jauna bulego horretan ez dagoenetik.
Ez dut ulertzen bulego horretako arduradunaren jarrera: multinazionalaren aurrean makurtzen da eta ez ditu geldiarazten bere herrikide eta bezeroekiko mehatxu eta presioak.
Jakin badakit, nire kasuan bezala, Mapfrek demanda gehiago jarri dituela aseguruen ordainagiria ez ordaintzeagatik: 82 eurokoak, 76 eurokoak, eta abar. Mapfreri bost axola dio berriro kobratzeak; izan ere, bezeroa presionatu nahi du.
Inoiz aldatu duzu asegururen bat, baja hori bi hilabeteko aurrerapenarekin jakinarazi barik? Zure aurreko aseguru-etxeak demandaren bat jarri zizun epaitegian, ordainagiria ordaintzeko eskatuz? Zer egingo zenuke zuk kasu horretan?
Pena handia ematen dit Mapfreko bulego hori zer bihurtu den ikusteak. Gutako asko erreferentzia barik geratu gara, galduta, eta konpainiaren errespetu barik gure nahiarekiko.
Pertsonen duintasuna multinazionalen irabazi-interesen gainetik dago. Herritarrak ezin dira demandaz demanda tratatu, aseguru-etxea aldatu gura izateagatik bakarrik. Nire duintasunak 362 euro baino askoz gehiago balio du. Epaitegira joango naiz nire burua defendatzera, Mapfreren eta erabiltzen ari den praktiken kontra borrokatzera. Nire duintasuna salbatzera joango naiz.
----------
Joaquin Agirre
Arrasate