On Jose Miguel oinarrizko pertsonaia izan dugu gure herriaren historian eta ezinbestekoa zaigu behin eta berriz jendartera ekartzea euskal kulturaren patriarkatzat hartuta izan den gizon haren mezua.
Jakintzaren hainbat esparrutan bere goi maisutasuna erakutsi zuen. Hala ere, bere kasuan nabarmenena ez da zer eta zenbat erakutsi zigun, baizik eta nola egin zuen. On Jose Miguelek giza estilo sakonaz irakatsi zuen beti, katedra-aulki gorenetatik eta landa-lanik xumeenetako talaiatik ere. Gizabidea zuen helburu nagusia ekintza guztietan eta ez zuen inoiz hutsik egin.
Gasteizko Apaiztegitik, Ipar Euskal Herriko babes-aterpe behartutik edota bere jaioterriko Sara Etxetik euskal gizartearen garapen humanoa bilatu zuen etengabe Barandiaranek. Horren egiaztapena da bere ikerketa-lanen artean ez dugula bat ere aurkituko zientziari garrantzi gehiago ematen dionik pertsonari baino.
Hogeita bost urte eman dira On Jose Miguelen heriotzatik eta berak ereindako baloreak inoiz baino beharrezkoagoak zaizkigu euskal gizartean. Eskuzabaltasuna, zorroztasuna, ongi egindako lanerako gogoa, malgutasuna, apaltasuna, bestearenganako hurbiltasuna, etikotasuna, eragozpenak aukerak bilakatzeko gaitasuna, eta Barandiaranek bere bizitza luzean nabarmen erakutsitako nolakotasun luze baten txertaketa gure eguneroko bizimoduan eginez gero aurrerapauso erraldoia litzateke gizarte kontzientziaren eraikuntzan. Fundazioak xede horrekin egiten du lan.
Jose Miguel Barandiaran Euskal Herriaren ondarea da.
Horixe berrerakutsi nahi izan dugu aurtengo jardunaldietan, Urkullu lehendakaria eta Barkos presidentea buru izan diren abenduaren 21eko ekitaldia barne.
Eta Ataungo semeak bihotzean zeramatzan euskal lurralde guztietara ireki dugu haren ikasgaia.
Aurrerantzean ere On Jose Miguelen baloreei eragitea dagokigu, berak amesten zuen Euskal Herria izango bada.
----------
Josemari Velez de Mendizabal
Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren lehendakaria
Aramaio