Bilduk ez du pertsonengan sinesten

Erabiltzailearen aurpegia Joxemiel Uribarren 2014ko mar. 10a, 00:00

2012ko otsailaren 22an Bilduren 34 alkatek 2013 hasieran Atez Atekoa ezartzen hasiko zirela ziurtatu zuten.

Ez dago zalantzarik, ezker abertzalearen erabaki politiko bat izan zen, eta orain EAJri atez atekoaren kontrako mugimenduaren atzean egotea leporatzen dio, zaborren gaia politizatu izana leporatzen,  hauteskundeei begirako asmoak ditugula eta.

Aretxabaletako alkate Ana Bolinagak zorrotz betetzen du bere alderdiko buruek agindutakoa, hau da, ezkertiartasuna. Agintean egon aurretik, "eman hitza Herriari" "Herriak hitza, Herriak erabakia" oihukatzen zuten. Gutxi iraun die aldarri hark eta ahal izan duten bezain pronto, Herri hori aldebakartasunez hartutako erabaki alderdikoien pairatzaile bilakatu da.

Ikusi besterik ez dago zer gertatzen ari den Herri batean eta bestean, atez atekoaren aurka jasotako sinadurekin edo eta ospatu diren Herri galdeketekin, jada zortzi, non ezker abertzaleak bere esku egon den guztia egin duen galdeketak burutu ez zitezen eta burutu ondoren lortutako porrotaren aurrean, herriaren borondateari muzin egin eta atez atekoa inposatzeko.

Ez da, gizartearen gehiengoaren aurka, Herriari ezarri dion inposaketa bakarrik. Orain ezker abertzaleak ogia eta gatza ere ukatu egiten dizkio. Alkateak ez du aretxabaletarren borondatean sinesten, ez eta, inposaketarik gabe, ondo egiteko gai izango direnik ere. Bilketa sistema nahitaezkoa izango da. Alkateak ez du ulertzen mila eta piku pertsona, berari gehiengo osoz alkatetza eman ziotenek baino gehiago, gutxienez zaborren gaian naturalki, denaren eta denon aurka zapalgailua pasatzeaz ezaguna den agintzeko modu despotiko horren aurka agertzea. Ezker abertzaleak ez du sinesten, ez du konfiantzarik, agintera eraman duen Herriarengan.

Aretxabaletan 1.704 izan ziren atez atekoaren aurka jaso ziren sinadurak. 1.513 bozka lortu zituen Bilduk, eta 630 EAJk, 2011. urteko udal hauteskundeetan. Euskal Autonomia Elkargoko hauteskundeetan EH-Bilduk 1.479 bozka lortu zituen eta EAJk 1.250.

Edozein kasutan, Aretxabaletan atez atekoaren aurka jasotako sinadura kopuruak aise gainditzen du Bildu edo EH-Bilduk lortutako bozka kopurua; honek argi eta garbi uzten du koalizioa bozkatu zuen jende asko kudeaketa modu horren aurka dagoela, gutxienez zaborren kontuan. EAJ plataformaren atzean dagoela esateak, arazoaren ikuspegi arina agerian uzteaz gain, Aretxabaletatik kanpo euren buruzagiek hartutako erabakien eraginez, hori bai, aretxabaletarren interesetan pentsatu gabe hitzez hitz bete dutena, jasaten ari diren ondorioen aurrean, agerian uzten du ezker abertzalearen urduritasuna.

Guk, EAJkook, pertsonengan sinesten dugu. Bilduk alderdiaren interesetarako soilik erabiltzen ditu euren bozkak.

Bilduk pertsonengan sinetsiko balu eta aretxabaletarrak errespetatuko balitu, aspaldi dei eta ospa zezakeen herri galdeketa arazoa konpontzeko. Oraindik garaiz gabiltza. Guk emaitza errespetatuko dugu. Bilduk berdina esan al dezake?

----------

Joxe Miel Uribarren eta Aitor Gabilondo

(Aretxabaletako EAJ-PNVren izenean)

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak