Denok hamarretakoa, garagardoa, sagardoa, bazkaria… izan genuen elkarbanatzeko. Gehienok urduri samar, hasierako shock-a ahalik eta azkarren gaindi genezan. Koadrilen mugak gainditu genituen, gure bizitzen gainean batzuekin eta besteekin hitz eginez –alkoholaren gainean ez dut idatziko–. Orain dela hamar urte ikastola edo institutua utzi genuen; batzuk, unibertsitatera; lanbide heziketara; atzerrira; Arrasaten… Gaur egun, denok lanean edo saiatzen, gutxienez. Fagor Etxetresnen gaia ere presente izan genuen.
"Zergatik ez da San Andresko jendea etorri?", galdetu nuen. "Hurrengoan jende gehiagok hartu dute parte, poliki-poliki". Horrelako topaketa bat antolatzea zaila izan behar da, deialdia denei heltzea, eguna adostu eta lekua aurkitzea, oso garestia ez dadila izan... Badakigu zelakoa ari den izaten krisia.
Topaketara joan ginen gehienok Arizmendin, Almenen zein San Viatorren ikasi genuen. Institutuko batzuk etorri ziren... "Eta La Merced eskolakoak?".
Zer-nolako gizarte zatiketa Arrasateko gazterian. Udaletxeko arkupeetan bizitakoak Euskadin bizi dugun bake prozesua gogorarazi zidan. Topaketa hau bera bakearen ekarpen txiki bat izatea posible izango litzateke? Edo nire paranoia bat da soilik?