Ukatutako justizia egiten has gaitezen

Erabiltzailearen aurpegia Julia Monge 2017ko mai. 28a, 00:00

Faxistek, gerraren ostean, Kausa Jeneral delakoa martxan jarri zuten, herriz herriz udalen inplikazioarekin.

Horrela osatu zituzten kolpe militarren aldekoen errepresaliatu guztien izenak: hildakoak, presoak, inkautazioak.

Euren egia osatu zuten.

Baina, horrekin batera, errudunak behar zituzten, nahiz eta gehienetan errugabeak izan euren justizia egiteko. 

Sasiepaiketak, heriotza zigorrak, kartzela, inkautazioak, depurazioak, lanetik kaleratzeak, eta abar ezarri zizkieten gerra galdu zutenei. 

Errepresio basatia, beldurra hezurretaraino sartzeko. 

Gerra eta gerraosteko 40 urteko diktadura, biak izan ziren beldurgarriak.

Badira urteak memoria taldeak hasi ginela frankismoaren Kausa Jenerala egin behar zela eskatzen, inpunitatea behingoz bukatzeko.

Gaur, Arrasaten, borondate politikoa dago horretarako, faxismoaren biktimei hitza ematen digutelako.

Jakin badakigu biktima askorentzat berandu dela; hala ere, unea da injustizia jasan zutenen egia osatzeko eta, ahal dugun neurrian ere, justizia egiten hasteko.

Falta direnen testigantzak bizi garenok ematea da eurek nahiko zutena.

Ezin dugu jakin Bergarako edo Argentinako epaitegietan justizia lortuko dugun, Udalak aurkeztutako kereilaren ondoren ikusiko da, baina argi daukaguna da gure aurrekoen memoriarekin justizia egin dezakegula, gure esku dagoela. 

Hainbestetan esan zigutena... aitak, amak, amamak, aitonak esandakoa errepikatu besterik ez dugu egin behar Arrasateko Udalak ireki duen frankismoaren biktimentzako bulegoan. 

Haiek, zoritxarrez, ez zuten oportunitaterik izan.

Beraz, gure egia osatzen laguntzea da egin dezakeguna.

Gure senideei eta guri gertatukoa badakigu.

Orain, administrazio eta epaitegietan indarrean jartzea falta zaigu.

George Orwell-ek hauxe esan zuen: "Botereari uzten badiogu egia desitxura dezan, egunen batean Egiaren Ministerioa sortuko da, historia aldatuko duena, legez erabakiko duena zer den egia eta zer ez. Izan ere, iragana maneiatzen duenak etorkizuna menderatuko du". 

Zaila bada, badago lortzea.

----------

Julia Monge eta Juan Ramon Garai

Intxorta 1937 Kultur Elkartea

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak