Bazen behin belarra lasai jaten zebilen ardi talde bat. Bat-batean, aurreko egunetako euriek eragindako zulo handi batera jausi ziren bi ardi. Gainerako ardiak zuloaren inguruan bildu, eta bere sakontasuna ikusita eta bertatik irtetea ezinezkoa zela iruditu zitzaienez, bi ardi gaixoei esan zieten onena zela hil egin behar zirela onartzea.
Bi ardiak, lagunei jaramonik egin gabe, zulotik indar guztiekin irteten saiatu ziren. Goikoek, berriz, irteten ez ahalegintzeko oihukatzen zuten, alferrik zela, gehiago sufrituko zutela.
Ordubetez irteteko ahaleginetan ibili eta gero, ardi batek goikoei kasu egin eta amore eman zuen. Lurrean etzan, eta handik gutxira hil egin zen.
Goiko ardiek gero eta oihu ozenagoekin errenditzeko esaten ziotela, beste ardiak ahaleginetan jarraitu zuen, gero eta salto handiagoak emanez... eta beste bi ordu borrokan jarraitu eta gero, zulotik irtetea lortu zuen!
Beste ardiek, guztiz harrituta, galdetu zioten: "Baina ez al duzu entzun zer esaten ari ginen?". Ardiak gorra zela azaldu zien. Ardien oihuak zulotik irteteko animoak zirela uste zuela, eta animo horiei esker zulotik irteteko indarrak lortu zituela.
Hausnarketa: gizakiok artaldean bizi gara eta besteon hitzek eragin handia daukate gugan. Egungo egoera konplikatuan, askok borrokan dihardute egunero bizitzan aurrera egiteko. Kontuz, beraz, hitz negatibo batek desanimatuta dagoen pertsona bat suntsi dezake.
Kontuz zer esaten dugun. Kontuz zer entzuten dugun. Ez da beti ona besteek esaten digutena entzutea. Selektiboak izan gaitezen eta geuretzat ona eta erabilgarria dena bakarrik entzun dezagun. Geure inguruan daudenei poztasun eta esperantzarekin hitz egin diezaiegun. Eta gure inguruan gertatzen diren gauza on eta positiboak ikusteko jarrera eduki dezagun. Hori da aurrera egiteko eta pertsona moduan hobetzeko benetako indarra.