Europako proiektu bateko partaideendako zen; atzerritar asko bildu zen. Nire ondoan, italiar bi, ingeles bat eta sevillar, eta, besteak beste, txokoez berba egin genuen. Harritu egin ziren euskal txoko kontzeptu eta haren barne kudeaketa modeloarekin, konfiantzan eta autoerregulazioan finkatuta. Hots, nork bere gastuak apuntatzen ditu, eta inor ez da ibiltzen haren atzetik kontrolatzen.
Kanpotarrendako (Sevillako gizona buru) guztiz harritzekoa zen, esan zuten euren herrialdeetan modelo hori aurrera eramatea ezinezkoa izango litzatekeela. Inork kontrolatzen ez baditu, bakoitzak nahi duena apuntatu eta kasu gehienetan iruzurra egingo dutela.
Gure txoko edo elkarteak gu euskal gizarte eta kolektibo moduan garenaren adibide dira. Influentzia positibo eta balio finkatuak izanez gero –txokoak–, gure gizarteak askoz hobeto funtzionatuko luke.
Hala ere, kontrakoa gertatzen dabil, herritarrok gero eta konfiantza txikiagoa daukagu instituzio publikoekin eta politikariekin. Korrupzio kontuak, kasu batzuetan, eta haien kudeaketarako ezjakintasuna eta axolagabekeria, gehienetan. Politikariek nahiko adibide txarrak bidaltzen dizkigute. Eta konfiantza-balioak bultzatu eta sakondu beharrean, benetan kontrolatu behar dena kontrolatu beharrean (banketxeak, politikariak...), herritarrenganako kontrol neurriak areagotzen dituzte.
Honen adibide bat atez atekoarena da. Haren onurei buruz ezer gutxi daukat esateko nik. Baina ulertzen ez dudana da sistemaren ardatza herritarrei egingo zaien kontrolean egotea. Gainera, gaizki eginez gero, zigortu egingo gaituzte. Kontrolatu behar diren mutiko txikiak izango gara? Nire burua ez dut horrela ikusten, behintzat. Benetan gizarte burujabe eta arduratsua lortu nahi badugu, hau ez da bide zuzena.