Erabiltzen dena bizi da

Gaur egungo aitona-amonok ez genuen gazte garaian ikasketak euskaraz egiteko aukerarik izan. 

Seme-alaba askok bai, ordea, euskarazko hezkuntza edukitzeko modua, ondo kostata, antolatzea lortu baikenuen. Ondoren, bilobek ere euskaraz ikasteko aukera badute, baina badute aukerarik aisiaz euskaraz gozatzeko.

Pantailetako eskaintzak entretenimendu denbora asko hartzen duen aro honetan, medio horretako gehiena beste hizkuntza batzuetan garatua dago. Txiripaz agertzen da euskararik sareetan, tokiko telebistetan edo orokorretan; oso gutxi dago.

Eta lan eremuan ba al du lekurik euskarak? Edadetutako lagunen artean hainbat ikasketak frantsesez bukatu eta aukera sortzean Euskal Herrira itzuli ziren lanera. Lan eremuan espainiera bakarrik erabili dute gehienek. Bakarren batek frantsesa baliatu zuen Europa aldeko beste enpresa batzuekin tratuan. Euskarak ez zuen eta ez du lan eremuan tokirik; atsedenaldian, akaso.

Funtzionamendu horrekin, 30 urte geroago frantsesa erabiltzeko herdoil handia nabari zitzaien, ez ziren gai elkarrizketa bat izateko. Oporretan Parisera Frantziako Tourra ikustera joan eta ezin jarraitu elkarrizketari hango hizkuntzan.

Ez da harritzekoa, laneko eremuan espainiera eta lagunekin eta familian euskara erabiltzen baitzuten.

Frantsesaz ari naiz, baina berdina gertatzen da euskararekin. Nahiz eta XXI. mendeko langileak euskaraz eskolatuak izan arren, lan eremuetan ez dago euskararentzako espaziorik, espainierak ia osorik bereganatzen baitu.

Euskaldunok gaurdaino euskarari eusten jakin dugu, baina jai dugu euskarazko lan eta aisialdi gabe. Lan eremuaren ez beste eremuen hizkuntza praktika ez da aldatuko euskaraz funtzionatzeko bitartekoak jarri eta erabilera adostu gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak