Hizkuntza erabilienen artean, bertako euskara, kolonizazioak ezarritako espainiera edo frantsesa, hezkuntza sisteman landutako ingelesa eta alemana daude, immigranteek ekarritako beste askorekin batera. Nahiz eta eleanitzak izan, norberaren hizkuntzak ez dauzkagu galtzeko.
Dirudunek maneiatutako gaztelarren kolonizazio militar erlijiosoak ezarritakoa da gaztelera; batez ere, azken 500 urteetan. Horren eragina da XXI. mendean oraindik euskara hiztunok bizi dugun bazterketa.
Bidezkoa litzateke etorkinek haien hizkuntzak garatzeko aukera izatea euren seme-alabek hura mantentzeko aukera izan dezaten. Baita bizi diren lekuko euskara ikasteko laguntza izatea ere.
Egoera bideratzeko, 1960ko hamarkadatik hona, herritarren ekimenez hasitako Ikastolek eta Helduen Alfabetatzeak euskararen normalizazioan bidea egin duten arren, oso mantso doa. Ez da beharrak asetzea lortu; hau da, euskararen erabilera ez da sistematizatu.
Izan ere, entitateek euskara hiztunak bazterrean utzi eta aurretik zekarten ordezkatze prozesua mantendu dute. Hori normaltzat hartu dute, normala Euskal Herrian euskaraz komunikatzea izan arren. Parisen frantsesez edo Madrilen espainieraz den modura.
Dinamika horri buelta emango badiogu, traba gehien dituzten eremuetan baldintzak sortu beharko dira. Laneko eremuetan, adibidez, oso eskasa da euskararen erabilera, eta indartzeko modu eta aukerak antolatzea beharrezkoa da; esaterako, ulertzen ez dutenek ikasteko eta itzulpena izateko bitartekoak jarriz.
Sor ditzagun euskara normal erabiltzeko baldintza eta arauak.