Artikulu hauetan, jendeak nozitzen dituen hainbat motatako arazoak azaleratzen eta lantzen dira: soldata eskasak, soldata arrakala –batez ere, gizonen eta emakume artean–, behin-behineko lan kontratuak, osasun arazoak –kalean, lantegietan, etxean–, etxebizitza gabeak, ingurumena, arrazakeria, matxismoa... Era berean, medioaren eta idazlearen arabera ikuspuntu ezberdinetatik idatziak izaten dira: sindikala, politikoa, ekologista, feminista, kirolzalea...
Behin eta berriro gaur egungo jendartean bizi diren arazoak azaleratzen direla kontuan izanda, zergatik ez da azaltzen euskara hiztunak jasaten duen bazterketa? Hau esatea gehiegikeria iruditu dakioke inori. Noizbehinka, artikulugile berezi batzuek idazten dute euskara hiztunen bazterketa honen inguruan. Euskaltzaleren batek idatzitakoak izan ohi dira; bestela, kasu bakanen batean, feministek egindako azterketaren batean ere agertzen da. Baina, adibidez, sindikalistek gai honen inguruan publikoan eginiko kexarik ez dudala inoiz irakurri esatera ausartuko nintzateke.
Ez al da hau jendartean bizi den arazo bat? Edo hezkuntza arloan soilik gertatzen da? Orduan, zergatik ez da euskara hiztunek Euskal Herriko edozein leku edo alorretan bizi duten bazterketa hau aireratzen?
Izan ere, non daukate euskara hiztunek euskaraz aritzeko aukera? Ba al dago komunikazio sistema euskaraz duen entitaterik? Euskaldunok euskaraz egiteagatik baztertu gabe bizitzeko aukerak behar ditugu lan eremuetan, hezkuntzan, aisian, kiroletan… Hau da, gure herrian, Euskal Herrian.