Mendeak daramatzagu bi estatu –inperio– horien menpe, eta, estaturik ez duten beste herriei gertatu ohi zaien bezala, gure komunitatearen hizkuntza, kultura, historia eta ekonomia propioa garatzeko ezinean gabiltza.
Euskaldunak trinkotu eta gure herri ikuspegi berezia garatzeko, ez daukagu beharrezko den estatua. Israeldarrei, adibidez, 1947an onartu zieten beraien estatua, eta begira nola garatu eta finkatu dituzten euren hizkuntza eta nortasuna ekonomiarekin batera.
Zer egin estatu propioarekiko dependentzia honekin? Geldi egon ez, behintzat; zaila bada ere, joka dezagun estatua bagenu bezala. Estatu propio garatu bat genukeen ikuspegitik abiatuz herritarron indarrak batu eta herri bezala iraun eta indartzeko bitartekoak eraikitzen jarraitu behar dugu. Dinamika hauek elkarri lagunduz herritarron indarrak pilatzen eta biderkatzen lagunduko lukete.
Estatu ikuspegi honetara bildu ditzagun orain arteko ekimenak: AEK, Laborantza Ganbera, ikastolak, kooperatiba industrialak, kirol elkarteak...
Garatu ditzagun gizarte balioak, arauak eta instituzioak geure estatu propioaren ikuspegitik: hezkuntza bidez transmitituz, arlo sozioekonomikoan komunikazio hizkuntza euskara ezarriz, euskararen ezagutza unibertsalizatuz eta, bitartean, itzulpen eta interpretetza sistemak garatuz, hedabideak informazioa eta ikuspegia zabaltzeko indartuz –bai paperezkoak eta bai digitalak–, aisialdirako bitartekoak garatuz...
Ez dezagun ahaztu euskaraz jakitea eta erabilera bultzatzea ez dela nahikoa, beharrezkoa da erabiltzeko aukerak ezartzea.