Rebeka Ubera artikulugileak dio metodologia parte hartzaileak aplikatuz ikastetxeak berritzeko saiakerak egiten ari direla, "nahiz eta sistema arrazista, matxista eta klasista izan"; hau da, nahiz eta sistema kapitalista izan. EAEko Hezkuntza sailburuak aldaketa ekimenak bultzatzeko jarrerarik ez duela adierazten du.
Badirudi ez duela kontuan hartzen euren gustuko izan daitezkeen edo ezinbestekoak liratekeen aldaketak eginda ere, sistema mantentzea dutela agintariek helburu.
Kapitalismoan egonik, beraiek sustatzen duten eredua aldatzekotan, ba al dago beraiekin kontatzerik?
Benetako aldaketarik gertatzekotan, Euskal Herriko esperientziak behetik gorako antolakuntza baten bidez izan beharko lukeela adierazten du.
Herrialde honetan izan diren aldaketa handi gehienak, zer hobeturik badaukate ere, gizarte mugimenduek garatukoak izan dira: ikastolak, euskalgintzak edo kooperatibak. Aldi berean, ikustekoa da sortzez publikoak ziren beste erakunde batzuek daramaten kapitalaren bidea: Euskaltel, Kutxabank, CAN...
Artikuluan ez da sistema kapitalistak historian zehar ezarri duen eta oraindik gainditua izan ez den euskararen bazterketaren inguruan aipurik.
Argitzekoa litzateke, ez baitio ezer euskara hiztunok erakundeetan dugun egoerari buruz, hezkuntza arlokoak barne: unibertsitate, lanbide heziketa, akademia... Gehienek espainieraz funtzionatzen dute.
Izan ere, askotan, ahaztuta gelditzen da hizkuntza gutxituak, baztertuak, sistema kapitalista uniformatzaile honek eraman dituela egoera horretara.
Hainbat herrialdetako egoerei begiratuz argi ikus daiteke: Brasilen portugesa, Aljerian frantsesa… Euskal Herrian frantsesa edo espainiera... Zerk ezarri du egoera hori klase dominazioak ez bada?