Euskaraz bizi nahi duen jende asko solaskiderik aurkitu ezinik aritzen da; erakundeetan, batez ere –lantokiak, administrazioak, kirol elkarteak…–.
Ahobizi diren pertsona hauek –jakin eta darabiltenak– zail izaten dute euskara erabili ahal izateko gutxieneko belarriprest jarreradunik aurkitzea –ulertzeko gaitasuna eduki eta entzuteko prest daudenak–.
Hau da, nahiz eta jakin eta erabili nahi dutenak asko izan, ia ez dago euskaraz funtzionatzeko aukera errealik ematen duen erakunderik, ez baitute euskara lan edo funtzionamendu hizkuntza.
Noski, euskaldunok euskara erabili behar dugu, baina honetarako aukera ere izan behar da eta aukera hau izateko baldintza batzuk bete behar dira. Hasteko, euskara komunikazio ardatz izan beharko litzateke alor guztietan: administrazioan, enpresan, aisialdian, hezkuntzan, literaturan, komunikabideetan… eta, batez ere, ekonomian.
Arlo ekonomikoak gizartean duen pisuarekin, honek euskaraz funtzionatuko balu, hizkuntzak prestigioa hartu eta beste esparruetara hedatuko litzateke, eredu izango litzatekeelako.
Jose Antonio Villar-ek dioen moduan, "euskara beharrezkoa eta nahikoa bihurtzea" beste baldintza bat izan liteke, gaztelera Madrilen edo frantsesa Parisen moduan.
Eta etorkinekin zer? Herritartasuna lortu nahi duten etorkinek ere euskara doan ikasi beharko lukete. Haien kultura eta hizkuntza errespetatu, kontuan hartu, babestu eta laguntzea ere aurrerapausoa litzateke elkartasunez bizitzeko.
Euskara erabiliko bada, hau da bidea, baldintza hauek ezarriz dagokion lekua aitortu eta euskarak komunikazio ardatz izaera behar du.