Aberastasuna esku gutxiagotan pilatuz doa eta geroz eta nabariagoa da; aldi berean, gero eta behartsu gehiago daude munduan. Hau diote OXFAMen gizarte bilakaeraren ikerketa txostenek. Egoera honetan, klase ertaina nondik heldu ez duen lainoa da, kontu hutsa. Klase ertain deituriko honek ez dauka nortasunik, erabakimenik duen kasuan ere aberatsen interesetara jokatzen baitu.
Gizarte bilakaera honen oinarrian bi jokaera daude: nork bere buruarentzako ahalik eta etekin pertsonal handiena lortzea edo etekinak gizarte hobe baterako inbertitzea. Beste era batera esanda, etekinak norberaren poltsa handitzeko edo gizarte egoera hobetzeko erabiltzea.
Enpresa errentagarriak eraikitzea beharrezkoa bada ere, ez da onargarria pertsona batzuk besteen bizkar aberastea.
Joera horien arabera antolatu daitezke hainbat elkarte mota:
-Helburu soziala dutenak: sindikatuak, ekologistak, hainbat kooperatiba, feministak eta Giza Eskubide Kartan biltzen diren beste hainbat.
-Helburu indibiduala dutenak: lehenik ni eta niretzako abantailak eta horren menpe gainerakoak, enpresa kapitalistak eta haien elkarteak.
Eta non kokatzen dira kooperatiba handiak?
Azkenaldiko berrietan, hurrengoak irakurri ahal izan ditugu:
-Kooperatiben soldaten arteko aldea, 1etik 6rakoa, hazi egin nahi omen da.
-Beste herrialdeetan sortzen diren enpresak SLak izan ohi dira, gehiengoa kooperatiba bultzatzaileek gordeaz.
-Kooperatiba askotan hainbat lanpostu enpresak azpikontratatuz bete eta bazkide ez diren langileak %10etik gora omen dira.
Zenbat langile ez dira bazkideak zure kooperatiban? Hamarretik lau? Enpresa eredu honek ez du etorkizuna ziurtatzen.
Egoera honekin ados daude kooperatibistak? Eta sindikalistak?