"Euskalduntzea lanlekuetan"

Leire Kortabarriak Berrikuntza soziala euskaraz, Emun-en eskutik (Goiena 2013-06-21) artikuluan dio...

 "Hala, euskara plana izan zuen lehenengo enpresa Antzuolako Elay izan zen, 1991. urtean, Eusko Jaurlaritzaren eta Elhuyar aholkularitzaren eskutik. 1996. urtean, Arrasaten Euskalan sortu zen, lana eta enpresa bateratzeko elkartea. 1997an, Emun jaio zen. 1999. urtea mugarri bat izan zen: urte horretarako, Fagor Ederlan ere horretan hasia zegoen. Beste enpresa batzuk euren kabuz pauso batzuk ematen hasiak ziren, baina Emun eta antzeko beste enpresa batzuk sortzeak baliabideak, laguntza, aholkularitza eta metodologiak eman zizkien enpresei". 

Paragrafo horretan, besteak beste, esaten da "enpresa batzuk euren kabuz pauso batzuk ematen hasiak ziren". Eta egia da. Horixe argitzeko osagarria izango delakoan hauxe erantsi nahi dut.

Lanlekuak euskalduntzeko mugimendua 1986tik Arrasaten bazen. Euskalan lantaldeak baziren hainbat lanlekuetan eta gutxienez hauetan: JMA, Ikerlan, Fagor Etxetresnak-eko negozio ezberdinak eta Fagor Arrasate.

Guztiak AEDren inguruko ekimen militantez hasiak, lanlekuetako iruditegia euskaraz jarri, Kooperatibetako Barne Erregelamenduetan euskara ofiziala ezarri, hainbat lanpostu betetzeko behar zen perfilak landu eta ildo horretako jarduerak egiten ari ziren. Emun-ek hori guztia bizkortu, hedatu eta kudeaketa metodo hobeekin egiten jarraitu du.

Euskalanen izate juridikoari buruz, esan behar da AEDren ekimenak indarra hartzen zihoazen neurrian bata bestearen atzetik nortasun juridikoa hartuz joan direla. Horrela sortu ziren: ARKO (geroago Goiena), Txatxilipurdi, Ekin Emakumeak eta Euskalan. Guztiak izate juridiko propioekin.

Euskalan izenari dagokionez. 1978 inguruan gaurko Fagor Taldea eta orduko Ularco Taldeko kooperatibetarako argitaratzen zen eskuorri baten izenburua izan zen.

Garai hartan bi-hiru urtez, 1983ko krisia sartu arte, hainbat ekimen baziren Ularcoko lanlekuetan, euskalduntze ikastaroak egiten ziren eta euskarak kooperatiban izan behar zuen tratamendua garai hartako kudeaketa planetan jasoa dago.

--------------------

Joxemari Muxika

Arrasate 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak