... azterketek baieztatzen dutenez, jendearen oniritzi berezia daukate Goienaren komunikabideek eta azken urteotan nabarmen hazten ari da Goienak gizartean duen zabalkundea.
Datu hauek aztertzean, galdera hauxe sortu zait: nondik dator Goiena? Izan ere, indartsu ikusten da egitasmoa, baina komunikabideen egoeraz irakurtzen denak, berriz, zalantza asko sortzen ditu izango duten etorkizunari buruz. Goienak izan duen 25 urte hauetako (1988-2013) hazkunde prozesuan sorrera garaian hartutako erabakiek eragin zuzena dutela irizten diot.
Egungora iritsi den Goiena komunikazio zerbitzuaren hasiera 1988an izan zen, AED Elkarteak sortu zuen Arrasate Press aldizkariarekin. Handik bi urtera Berrigara sortu zen. Bi aldizkari hauek bidea erakutsi diete ondoren etorri diren beste tokiko aldizkari askori. Baita Euskaldunon Egunkaria argitalpena sortzeko lanean zebiltzan Egunkaria Sortzen-eko bultzatzaileei ere, proiektu hura aurrera eramateko adorea emanez. Honetaz gain, 1990ean jarri zen martxan lehen euskarazko tokiko telebista, ATB (Arrasate Telebista), aurrerago GoienaTBren sorreran bultzatzaile izan zena.
Sortzetik gaur egun arte lau ezaugarri daude komunikabide proiektuaren oinarrian: asteroko erritmoarekin argitaratzea aldizkaria; behar finantzarioa betetzeko bi iturri erabiltzea, merkatarien iragarkiak eta diru laguntza publikoa; multimedia ikuspegia aplikatzeak dituen abantailez baliatzeko gaitasuna izatea eta informazioa batzeko irizpide argia erabiltzea, tokiko gertakizunei eta iritzi guztiei lekua ematea elkarrekiko errespetuarekin. Horri guztiorri Debagoieneko Euskaldunen Elkarteek egindako apustua eta elkarlanean emandako sostengua erantsi behar zaio.
Egitasmoarekin bete-betean asmatu zuten sortzaileek eta begi-bistan dago ez direla alferrik galdu 25 urte.