Puntua aldizkariaren 493. zenbakiko Beste artxiboa atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Bi gerratan aritua
Lehen Karlistaldian gerran gogor aritu zen Altzaa Gomendio hainbat tokitan, ofizial. Anaia Jose Francisco (1794-1835) militar profesionala ez izan arren, hainbat gatazkatan parte hartua ere bazen, Napoleonen aurkako gerran hasi eta Lehen Karlistaldira arte; anaia zaharragoa Oñatin boluntario errealisten komandante genuen, eta gerra hasieran Karlos V.aren alde altxatu zen; Zumalakarregiren adiskide mina, Otxandioko guduan hil zen, Ormaiztegiko jenerala baino lehenxeago.
Ondoren, Joaquin Julian Altzaa teniente koronel mailakora igo zuten. Gerretan sentimenduak soberan daude. Eta hala gertatu zitzaion Altzaari. 1837an karlisten estatu nagusiak liberalek Donostian zituzten posizioak Oriamenditik bonbardatzeko agindu zion. Adore nahikorik ez, gehiegi izan haren kontzientziarentzat, eta erreleboa eskatu zuen.
Bergarako Besarkada iritsi zenean, Altzaak ez zituen haren errenditze-baldintzak onartu, eta 1839an Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes.
Oriamenditik bonbardatzeko agindu ziotenean, adore nahikorik ez eta erreleboa eskatu zuen
1846ko irailaren 12an, karlistak matxinatu ziren Matinerren Gerran, eta Pirinioetan agertu ziren lehenik. Kataluniak berehala hartu zuen su, eta partidek gerrillen arteko borrokari ekin zioten; eskualdea kaos bihurtu zen. Gerra hark ez zuen gudu garrantzitsurik eman, baina gerrilla-gerra izan zen, non gazte kintadunak, hiri-langabeak eta porrot egindako nekazariak borrokatu ziren.
Hala, Matinerren Gerra aurrean, Altzaa aldekoa ez izan arren eta (berriz) koldartzat har ez zezaten, Joaquin Elio jeneral karlista nafarraren matxinada deiari erantzuten lehenetakoa izan zen. Gipuzkoan, matxinada berriaren arduradun izendatu zuten. 1848ko ekainaren 23an, Bidasoa zeharkatu eta berriro sartu zen Hego Euskal Herrian, talde armatu txiki baten buru, Soraluzeko arma-fabrikan edo Tolosan ustekabeko kolpe bat emateko asmoz –70 gipuzkoar ofizial ohi bilduak omen zituen–. Baina ekimenean Altzaak ez zuen matxinadarako sostengu herrikoirik aurkitu, hamar urte aurreko Lehen Karlistaldiak ekarritako porrota herriaren oroimenean baitzegoen. Batetik bestera ibili behar izan zuen, Espainiako Gobernuaren armadatik ihesi.
Guardia zibilek eta Foru Aldundiko mikeleteek gunea astindu, eta uztailaren 2an harrapatu zuten Joaquin Julian Altzaa, Ataungo Baiarraten (Aralar), Antonio Urbiztondo militar donostiarra operazio-buru zela, orduan Hego Euskal Herri osoko kapitain jenerala. Zaldibiara eraman zuten presaka, eta, epaiketarik gabe, biharamunean herriko plazan fusilatzeko agindua eman zuen Urbiztondok. Kurioski, aurreko gerran Altzaaren kide karlista izana zen Urbiztondo. Gerra galdu ostean, alderdi isabeldarrera pasatu zen, 1843an amnistia legea onartu ostean.
Gipuzkoaren akabera
Gobernuak matxinada zapuztea zuen helburu, eta, hala, Altzaaren heriotzaren ondoren, gerra zapuztu zen Gipuzkoan. Altzaaren saiakera hutsalak Gipuzkoan gerrarako gogoa hoztu zuen, eta harekin amaitu zen matxinada bertan. Gainera, Bergarako Hitzarmenak karlisten militanteen zati handi bat armadan sartua zuen, eta gipuzkoar gizartea eta euskal gizartea, oro har, ez zegoen beste gerra baterako prest. Nafarroan jarraitu zuen, eta dozena erdi bat talde altxatu ziren armetan. 1849 hasieran ere 150 gizoneko beste gudaroste bat sartu zen Irundik, baina ez zuten orduan ere altxamendu orokorraren txinparta pizterik lortu.
Altzaa herriko plazan fusilatzeko agindua eman zuen aurreko gerran kide izan zuen Urbiztondo kapitainak
Altzaaren heriotzak ideologia guztietako jendearen dolu adierazpenak ekarri zituen, Oñatiko Unibertsitatean Zuzenbideko irakaslea izana baitzen aurrez.
2015ean, Gomendio familiaren funtsa berritu eta deskribatu zuen Oñatiko Udal Artxibategiak (247. Kontzejupetik aldizkaria iturri). Agirien artean Lehen Karlistaldiko agiriak ere badira. Kargu publikoak izeneko seriean Jose Joaquin Altzaa Gomendio Gipuzkoako Kontularitza Orokorreko kontuzain izan zen garaiko (1834-1835) dokumentu interesgarriak daude, Lehen Karlistaldia ikertzeko. Esaterako, Gipuzkoan zeuden batailoiek bidalitako informazioak: janaria hornitzeko txartelak, soldaduen bajak eta altak, baimen bereziak...