Puntua aldizkariaren 486. zenbakiko Argazki zaharra atal berrian argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Kandido Izagirre 1913an jaio zen, Urretxuko Santa Barbara auzoko Ipeñarrieta jauregian. Izagirretarrak bertako nagusi nobleen zerbitzariak izan dira 250 urtetik gora. Jauregia izan arren, baserri-bizitza egin zuen Kandidok txikitatik, baita artzain-bizitza ere. Haurtzarotik txorizale aparta izan zen, hontzak eta mozoloak ez baitira inoiz falta izan jauregi zaharraren arma-zuloetan. Izagirre familiak 1956an erosi zuen jauregia.
Arantzazun ikasia
11 urterekin etorri zen Arantzazura Kandido, latin eta gainerako eskolak egitera. 1928an frantziskotarren ordenako abitua Zarautzen jantzi eta bertan nobiziourtea egin ostean, Aguileran (Burgos) eta Erriberrin eman zituen hurrengo lau urteak, eta berriz itzuli zen Arantzazura, Teologia ikasketak egitera. 1937an esan zuen meza berria. Karrera bukatu, eta bertan latin irakasle jarri zen –hil arte, Arantzazuko kolegioko mutil koskorrei latina irakatsi zien–. 1949tik 1952ra Foruko kolegioan latina irakatsi zuen, eta, bide batez, zuzendari lanak ere egin.
Dialektologian maisu 1952an Arantzazura itzuli, eta orduan hasi zuen bizitzan eraman zuen lexikografia lana. Lehenbizi, Oñatiko liñagin iztegitxoa-rekin hasi zen. Geroago, ezagun egin zuen El vocabulario vasco de Aranzazu – Oñate y zonas colindantes lan mardularekin. Horretarako, igandeko meza nagusira etortzen ziren agure zaharrak bildu eta haiei galderak eginez, gaiak biltzen hasi zen. Laster hautatu zituen lankide egoki batzuk, eta gero, haien baserrietxeetara joaten zen igande arratsaldeetan. Hala, 15 urtez aritu zen azterketak eginez eta dialektologia gaiak biltzen. Gainera, inguruetara egiten zituen apaiz laneko osterak ere euskal gaiak biltzeko aprobetxatzen zituen. Hasieran, gaiak paperean biltzen aritu zen, entzundakoa idatziz. 60ko hamarkadan Geloso markako magnetofono batez baliatu zen.
Apaiz karrerako urteetatik zekartzan euskal zaletasuna eta jakite oso handia. Batez ere, Azkueren obrak –Hiztegia, Morfologia– ondo ikasiak eta menderatuak zituen. Hala, Luis Mitxelenarekin ere harremanetan izan, eta harengandik lanerako akuilu pizgarriak eta aholku eta zuzenbide zuhurrak jaso zituen. Apaiz karrerako lagunen artean, bestalde, euskaltzale sutsuak ere izan zituen; besteak beste, Julian Alustiza, Kandido Zubizarreta, Daniel Gorostizaga eta Pedro Urrutia.
Oñati, Antzuola, Erronkari, Altsasu, Ultzama eta Tolosako euskarak landu zituen; azken hori, gaixotu eta irakaskuntza urtebetez utziaz, Tolosako komentuko egonaldian. Arrankudiaga eta Orozkokoak aztertzeko asmoa bazuen ere, ez zituen egiterik izan. Harrigarria bada ere, haren etxekoa ez zuen aztertu, oharrak hartu bazituen ere eta Tolosa eta Antzuolako euskararekin bat ezagutarazi. Bestalde, Aita J. M. Zabalari buruz egindako saiakera bat idatzi zuen 1935ean, baita ere Cantabria Franciscana aldizkarian, 1961ean, euskararen egoeraren azterketa labur bat zeraman artikulu bat.

Oñati, Antzuola, Erronkari, Altsasu, Ultzama eta Tolosako euskarak landu zituen Aita Kandidok
Oso maite zuen euskara
Julian Alustizarekin batera Erronkarira egindako bidaiaren ostean, liluraturik itzuli zen erronkarieraren azentuarekin, eta horren ondorioz hasi omen zuen azentuarekiko grina hori. Kandidok oso zuen maite euskara, eta euskararen atzerakadak min handia egiten zion. Arantzazuko San Juan baserria hustu zenean nahigabeturik esan zuen: "Gaztelu bat gutxiago euskerarentzat".
Gizon isila eta umila, bihotz onekoa, gauzak soseguaz, taxuz eta patxadaz egiten zekien. Eta langilea zen. Hauxe idatzi zuen: … erleak ere aldiko kixitxo batekin biurtzen dira erlategira; baiña ibillianibillian ezti-mordoak egiten dituzte. Izan gaitezen gu ere erleak bezala.
"Bonaparteren antzekoa"
Dialektologiarekin batera, etnografia gaien berri ere eman zuen haren lanetan. Minbiziak hil zuen, 1967ko irailaren 12an, Arantzazun. Azken egunetan zer moduz zegoen inork galdetuz gero, zera erantzuten zion: "Gaizki, baina pozik!". Aita Villasantek Luis Mitxelenari Izagirreren hil berria jakinarazi zionean, hauxe erantzun zion Mitxelenak: "Euskal dialektologorik onenetakoa galdu dugu, Luis Luziano Bonaparteren antzekoa, bista mikroskopikoa zorrotzago zuena, Schuchardt-ek esango zukean bezala, makroskopikoa baino".
Izagirre hil eta hiru urtera, Luis Villasantek haren lana argitaratu zuen. Hartarako Kandidok utzitako fitxak garbi kopiatu zituen, ezer kendu edo ipini gabe, beharrezko argibideak emanez. Hil osteko lana izanik, haren biografia ere gehitu zuen. Aita Kandido Izagirrek AKI hizkiz sinatu zituen bere lanak.