Gerra Handian morts pour la patrie, eskuara baizik etzakiten haiek abestu zuen Gorka Knorrek, eta Nafarroan euskararen galeraz Etxamendik eta Larraldek: Otsagabian zer dute, eskuara galdu, erdara sartu zaiote. Nahigabetu zen Xalbador Ama Euskal Herriaz, uzterat doalakotz betikotz mundua, bere seme alabez abandonatua eta gauza hoberik ezin zen asma euskaldunen frantsesteko 77an, agur esan zion-eta orduan Errobik telebistari –egun, Netflixi litzateke–. Euskaldun berriak ezin ahaztu: Goizero, AEKn bezero zen langabe barakaldarraz mintzo zen Oskorri, ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena? A! Inork ez zion esan Ruperri euskaldun izatea zein nekeza den.
Luzatu, halere, Euskaraldia! Euskaraz arituz musu okerrik ikusiz gero, TELP ikasgai gisa 1967ko txapelketan Xalbadorrek esandakoekin erantzun: Ezpazerate kontentu, errua ez daukat ez nik, txistuak jo dituzute bainan maite zaituztet orainik.