Baina zer da Historia? Historia iraganeko gertaerak eta egitura sozialak ahalik eta modu objektiboenean jaso eta aztertzen dituen gizarte-zientzia da. Halaber, iraganeko gertaerak azaldu, kontatu edo erakusten dituen lan edo bilduma historia dela esaten da. Historiak, beraz, nork, noiz, nola, zergatik… gertatu zen kontatzen digu, eta katebegiz osatutako katea bezala, iraganeko gertaerek bideratu dute gu egun garena.
Baina gertaerak kontatzeko erak ez dira bakarrak, hainbat aldetatik idatz baitaitezke: badira Historia ofizialak, ez-ofizialak, sukaldekoak, isilaraziak, epiko bihurtuak, egiazkoak eta baita gezurrezkoak ere... Hori bai, gatazka bat kontatzen badu, garaileek idatzitakoa da ikasiko duzuna.
Egunotan 500 urte bete dira Gaztelak bortxaz Amaiurko gaztelua eraso zuenetik. Mendeetan isilarazitako gertaera izan da. Zure esku ere bada gehiago isil ez dadin.