"Harrotasun apur bat, mesedez"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Martin Elexpuru 2012ko mar. 27a, 02:00

Estatu Batuetatik etorri behar izan zuen...

... Roslyn M. Frank irakaslea, aspalditxotik mundu zientifikoan indarra hartuta dabilen teoria azaltzera: azken izozte handian (K.a. 20.000-10.000) Europan bizi zen jende gehiena "Babesleku Franko-Kantabrikoan" pilatu zen, gaur egungo Asturias, Euskal Herria eta Frantziako hego-mendebaldea. Ordukoak dira Altamira, Ekain, Lascaux eta abarreko pinturak, arte paleolitikoaren adierazpen gorenak.

Orduan osatu zen ziurrenik euskara edo, nahiago bada, honen guraso-hizkuntza. Gero, izotzak urtu zirenean, jendea Europan zehar barreiatu zen. Horrela, hutsik zeuden lurraldeak populatu zituzten eta lekuei izena ipini, euskarazkoa, jakina. Hori dio, esaterako, ospe handia duen Teo Vennemann hizkuntzalari alemanak. Bere teoria oinarritzen duen hainbat artikulu eta liburu du.

Azken ikerketa genetikoek ere hipotesi hori indartzen dute. Openheimer ikerlari britainiarrak frogatu du Irlandako biztanleen geneetatik %90ek eta Britainia Handikoen %75ek jatorri franko-kantauriarra dutela. Hortik ondorioztatu du gaurko britainiarrak azken glaziazioaren ostean babesleku "euskaldunetik" (hitz hori ere erabiltzen du ) iritsitakoen ondorengoak direla nagusiki. Barandiaranek esaten zuen paleolito garaian hemen bizi zen jendearen ondorengoak garela ziurrenik. Euskarari buruz ez zer hainbeste esatera ausartzen. Nik uste dut gaur egun badagoela nahikoa zantzu euskara ere sasoi hartatik hemen dugula pentsatzeko.

Euskaldunak ez gara horregatik inor baino gehiago edo gutxiago, baina egon ziur inguruko herriren bat gure lekuan balego, beren hizkuntza eta herria munduaren ondare eta ez dakit beste zenbat gauza izango zela. 

Jauzarrea Elkarteak biltzarra antolatu du Atlantiar Paleolitoa izenburuaz; Ficoban, maiatzaren 18an. Goian aipatutako gaiak ere jorratuko dira. Atzerritarrak izango dira, jakina, horietaz jardungo dutenak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak