"Otxandioko aztia"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Martin Elexpuru 2012ko urt. 2a, 01:00

Joan den maiatzian hil zen Bittor Kapanaga, Otxandioko aztia.

Askori ez dio ezer esango izen horrek, baina bera ezagutzeko suertea izan dugunontzat oso doinu gozoa dauka. 1995ean hitzaldia eman zuen Bergarako UNEDen, euskaldunen erlijio zaharraz eta euskararen historiaz. Transkripzioan ikusten dugunez, horrela hasi zen:

"Ni ez naiz unibertsitatean ibili, baina zitaren menpekotasun horrek esan nahi du jarraitu egin behar duela, beste batek esan duena erabili eta erabili. Eta gure askatasuna zer? Nun dago gauzak berriz ikusteko eta egitzat dauden gezur sakratuak gezurtzat salatzeko, edo gezurtzat dauden egi gordinak egiaztatzeko askatasuna?".

Heterodoxoa zan Bittor gauza guztietan. Gerra osteko urte ilunetan hazi zenez, ez zuen unibertsitatera joateko aukerarik izan. "Berez sortutako arbola", Kintanaren hitzetan. Autodidakta zan; asko irakurtzen zuen, baina bere kultura liburuetatik adina bizitzaren eta naturaren ezagutza sakonetik zetorren. Landareak, leku-izenak, ipuin eta mito zaharrak, antzinako erromeria eta kulto lekuak eta abar inork baino hobeto ezagutzen zituen, herri-euskara bezalaxe, eta dohain berezi bat zuen arlo ezberdinetako informazioa lotzeko eta interpretatzeko.

Apala eta soseguz berba egitekoa izan arren, ez zen isilik egotekoa, eta bere ondorioak edo usteak askotan bat ez zetozenez karrera handiko euskalariekin, polemikaren bat edo beste izan zuen. Ez zuten ondoegi tratatu goialde horretan, badakizu, "baserritar hau etorri behar ote zaigu guri gauzak nola diren esaten!".

Berak pretenditu ez arren, eskola sortu zuen. Dozenaka dira berarekin tratua izan eta bittorzaletuak. Ez zuen asko argitaratu, baina haren paper zaharretatik bost edo sei liburu mardul bezain interesgarri atera daitezke. Baina Bittorrek lagatako herentzia hori baino askoz handiagoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak