"Zein urrun dagon Zuberun"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Martin Elexpuru 2011ko ira. 20a, 02:13

Idatzi hau Bergarako Monzon pastorala emon baino lehenago egindakua da. Txalo bat antolatzaileei, idea bikaina, nahiz eta lan asko egin bihar.

Dana ondo joango ahal zan. Larrainen egon ginanok zoratuta urten giñuan ikuskizunakin eta hemen be beste hainbeste pasauko zan, seguru.

Aspaldian Euskal Herriko zazpi probintzien izenak eta hiriburuak ikasten dira eskolan,  aduanak eta kontrolak kendu dira mugan, danok euroa daukagu diru, baina ez dirudi orain dala hogetabost urte baino gertuago dagonik Iparraldia eta batez be Zuberoa. Orain dala 20-25 urte hemengo familia dezente joaten zan Zuberoara opor-egun batzuk pasatzera, Eroski Bidaiak-ek be eskaintzen zittuan etxe txukun askuak Atarratze aldian. Maskarada eta Pastoraletara hegoaldeko autobus dezente ailegatzen zan, eta uste giñuan Europa barrixarekin eta euskalduntasuna normaltziakin distantziak desegin eta hanguok eta hemenguok alkar ezagutuko giñuala.

Baiña ustiak ustel, eta atzera egin dogu. Zuberoara baino nahixago dogu Cadiz-era edo Cancum-era joan, ingelesa hobeto ulertzen dogu zuberera baino, maskaradetako dantzak baino etxekuaguak jakuz flamenkua edo salsa; eta hau dana  abertzale eta euskaltzale sutsuak izatiari itxi barik.

Zergatik dago gero eta urrinago Iparraldia, eta batez be Zuberoa? Arrazoiak asko izan leizke, baina bada bat Jean Louis Davant euskaltzain zuberotarrak asko azpimarratzen dabena: lehen hegoaldeko eskoletan frantsesa erakusten zan, eta jentia gutxi-asko defenditzen zan hizkuntza horretan. Orain ingelesaren monokultiboa nagusitu da eta belaunaldi barrixak  muga pasau orduko deseroso sentitzen dira, euskeraz jakin arren.

Ez dakit.  Iparraldia eta Zuberoa ezagutzen ez dabenak ez daki zer galtzen daben. Eta geu hara ez goiazenez, Larraineko herria etorri da Bergarara, zuztarrak erdi aroan dauzkan ikuskizun berezi eta eder batekin gure begi-belarrixak gozatzera

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak