Juan Martin Elexpuru: "Asko molatxen"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Martin Elexpuru 2011ko mar. 11a, 01:00

Joan dan urtian izan zan; Idazleak Eskolara programaren barruan Bizkaiko Ezkerraldeko Ortuellara joan nintzan...

... B ereduko eskola batera, nere ipuin-liburu bat irakurri zebela-eta berbaldi bat egittera. 11-12 urteko ikasliak zien, ez zan lelengo aldixa San Felix Cantaliciora nindoiana. Sartu naiz aretora eta handik puntuko hasi die neska-mutikuak ailegatzen. Halako baten mutiko igar hankaluze bat, eskuak praka-poltsikotan dittuala, nere aurrian plantau eta esaten dost serixo-serixo: "¿Mola mucho escribir libros?". Ezpanak ondo estutu behar izan nittuan barre-purrustada bati eusteko, eta ahal neban serixuen esan notsan: "Euskeraz, mesedez". Eta berak serixo: "Ke si asko molatxen eskribitxen liburuak!".

Ez daukat goguan zer erantzun notsan, baiña bai barreguriak luzaruan iraun zostala. Nik uste dot antz emoten zebala mutikuak liburu eskribitziak ez zebala larregi molatzen, baiña horren konfirmaziñua jaso nahi zebala idazle baten ahotik, bihar edo etziko ogibidia oker aukeratu baiño lehen.

Gero saiua normal joan zan. Berba egin zeben neska-mutikuen artian batzuk txukun samar egiten zeben euskeraz, beste batzuk erdizpurdiz eta beste batzuk gure hankaluzian tankeran, baiña danak entenditzen zeben, eta pentsatzen jarritta, ez da gutxi.

Lehengunian konbestaziñuak urten zeban, zela ez, ia euskeria atzeraka edo aurreraka doian, eta azkenian dudan geratu giñan. Joaten bazara Barakaldora, Oionera edo Lizarrara, euskeria galduta egon dan lekutara, poza emoten dau, ikaslien parte polit bat euskeraz defenditzen dala ikusitta. Estadistikei begiratuta, %10-20 inguruan dabil euskaldun kopurua holako eskualde askotan, eta kontuan hartzen badogu orain dala 30 urte %2-3 besterik ez zala, ez da salto makala.

Baiña gure inguruko kale eta tabernatako konbestaziñuak entzunda ezin hain baikorrak izan. Izan be, zenbat molatzen dotsan euskaldun askori erderaz egittiak!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak