Arrasatek zerbitzu publikoak behar ditu

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Markaide 2015ko urr. 25a, 00:00

1972an, 22 urte genituela, enpresa-ikasketak amaitzear geunden ikasle bik On Jose Maria elkarrizketatu genuen orduko Eskola Profesionalean zeukan bulego zurrunean, lizentziaturarako gure tesina egiteko.

Sasoi haietan, tituludun berriek aukeratu egin genezakeen zein enpresatan lan egin, Arrasaten ez zegoen langabeziarik, Coprecik Orkli sortu zuen Ordizian produktu-linea bat martxan jartzeko, baina bertan behera utzi zuen, eskulan faltagatik, Goierri aldean handiago zena –eta baita orduan zegoen espiritu solidarioagatik ere–. Arrasatek antzeko zerbait egin zuen Markinan, eta Ulgorreko pertsonal kostua %13 gainetik zegoen salmentekin alderatuta, argindarrarena baino zertxobait gainetik.

Ordurako, zerbitzu publikoen maila Arrasaten gaur besteko urria zen; hala, galderetako bat izan zen ea zelan ikusten zen hori kooperatiben ikuspegitik. Erantzun irmoa eman zigun, eta baten bati zinikoa ere irudi dakioke. Hauxe esan zigun, gutxi gorabehera: "Nik ez dut nahi gure gizon onenak funtzionario izatea, horiek kooperatibetan gura ditut".

43 urte geroago, kooperatibak ez dira gauza gure gazteei lana emateko; are gehiago, horietako batek langile kualifikaturen bat behar duenean, ez du Arrasaten bilatzen, baizik eta Euskadin, Estatuan, edo batek daki non.

Hau da, jokoaren arauak –paradigma, esango luke batek– aldatu egin dira, eta guk segitzen dugu herrira zerbitzu publikoak ekarri barik, eta Eibarren eta Bilbon hirugarren sektorea indartzeko segitu duten modelotik ihesi. Ba, iratzartzeko ordua da. 70eko lehenengo urteetan lehen enpleguaren bila zihoan jendez beteta dugu herria, eta haiek erretiratuta edo erretiratzear daude. Gehienak, sasoi onean. Eta haietako askori min ematen die –digu– sistemak guri eskaini zigun aukeren bosten bat ere ez eskaintzea gure seme-alabei; askok urteetako eskarmentua daukate erantzukizun handiko postuetan, eta, dauzkaten kontaktuekin, erakunde batzuetan eragin dezakete Arrasaten falta diren dozena pasa zerbitzu ekar ditzaten. Eibarren badituzte zerbitzu horiek, eta, Arrasatera ere ekarrita, Fagorrekin galdu ditugun lanpostuak sor ditzakegu. Zelan egin? Ba, ez daukat ideiarik ere, baina egin dezagun berba, ala?

----------

Jesus Markaide

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak