Murrizketa garaia omen da. Eta denok, isildu behar. Onartu behar. Bada, gu ez gaude prest.
2015eko otsailaren 3an zuekin izandako bileran emandako hitza jan eta gure herria hezkuntza zerbitzurik gabe utzi duzue, eta hori, Gonzalez de Txabarri andrea, gure herria etorkizunerako hausporik gabe uztea da.
Gatzaga gainbeheran zihoan orain dela 20 urte, herriak izugarrizko apustua egin zuen arte. Harrezkero, hamaika ekimen sortu eta garatu dira; bai ekonomikoki, bai sozialki. Horien artean, aipatzekoa, 2001ean, 1972an itxi zen eskola irekitzea lortu zenekoa; 2 eta 5 urte arteko umeentzat. Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolako gela desplazatu modura zabaldu zen.
Denon esfortzu horri esker lortu da herriak gorantz egitea biztanlerian, ekonomian, jai giroan, elkartegintzan, zerbitzuetan... Orain, dena dago arriskuan.
Guretzat, eskola ez da gure umetxoentzako jolas eta ikasketa gune hutsa. Guretzat, eskola, herri biziaren isla da. Herriaren bihotza da. Eta hori mantentzeko, momentu honetan, irakasle bakarra behar dugu. Horixe. Bakarra.
Murrizketak ordenagailuan zenbaki bihurtzen dira, baina ezin gara denok galbahe beretik igaro. Gatzagan, bost haur asko dira, eta are gehiago dira, herrian baldin badaude.
Ez utzi herri bat haurrik gabe, ez utzi herri bat etorkizunik gabe. Irakasle bakarra behar dugu. Horixe. Bakarra.
----------
Jaione Makazaga Lete, Saioa Urrutia Larrañaga eta Nerea Altuna Arkauz
(Leintz Gatzagako gelako haurren gurasoen izenean)
Leintz Gatzaga