"Oñati, ikastetxeak… eta hondakinak"

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Agirre Urzelai 2013ko ots. 3a, 01:00

Eman aukera bat atez atekoari goiburuarekin, Oñatiko Kultur Etxean...

... urtarrilaren 11n egindako agerpenaren berria jaso da komunikabideetan.

Alabaina, berri horretako argazkian lehen lerroan zutik zeintzuk dauden eta nola kokatu diren ikusita, bigarren mezu bat ere antzeman diogu agerpenari: "Eskoletan ere atez atekoaren alde egin da". Izan ere, herriko ikastetxeetako klaustroetako (eta zuzendaritza-taldeetako) zenbait kide ageri dira lehen lerroan zutik. Guraso oñatiarrentzako mezua da, antza.

Argazkiak zer pentsatua eman dio guraso talde honi, eta bidea zabaldu diogu hausnarketari. Izan ere, atez atekoaren kontua ez da Agenda 21eko kontu soila: erabat politizatuta dagoen auzia da gure herrian. Hala ere, eskola eta politika ez dira nahastu behar, gure iritzian. Onargarria da pertsona horiek, han-hemen kokatuta, argazki batean egotea beren ideiak defendatzen; penagarria da, ordea, pertsona horiek ikastetxeen ordezkari-plantak egiten agertzea argazki horretan. Arriskutsua, benetan! Kontsigna politikoak jarraitzen dituen irakasle batek zer-nolako hezkuntza eskain diezaieke ume eta gaztetxo oñatiarrei? Gerta daiteke, gainera, ikastetxe horietako ikasleen guraso asko ez egotea atez atekoaren alde.

Iruditzen zaigu eskolak beste bide bat hartu behar duela: pentsamendu kritikoa eta informazio anitza bideratu; praktika gogoetatsua eskaini, eta ideien eta iritzien trukea indartu. Azken xedea da ikasleek eurek eraikitzea ezagutza zenbait iturritatik edanda: iritzi kritikoa garatzea. Horretarako, nahikoa informazio jarri behar zaie eskura, eta ez iturri bakarrekoa. 

Horrelaxe sortzen da kalitatezko eskola bat, eta zabaltzen da errespetuzko jarrera gizartean; begirada txarrik gabe, beldurrik gabe, herritarrak sailkatu gabe, pintadarik gabe, presiorik gabe...

--------------------

Jose Mari Agirre Urzelai

(Oñatiko guraso talde baten izenean)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak