Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle batzuek zergen iruzurren gainean egin duten estudio batek dio Euskadin %20 inguruan kokatzen dela iruzurra (2.700 bat milioi euro, gutxi gorabehera urtero), estatu mailakoa baino zerbait gutxiago, baina nahiko inguruan. Uste nuen zati bat hobeak ginela. Oso urrun, berriz, beste herrialde batzuekin konparatuta (Erresuma Batua, Suitza edo iparraldeko nazioekin). Toki horietan %7 eta %12 artean kokatzen da.
Euskal populazioaren iritzia da, inkesta bidez jasota, iruzur maila oso altua dela, eta ez dela gehiegizko lanik egiten diputazioetatik hau jaitsi edo kontrolatzeko. Herritar gehienok ez dugu iruzur handirik egiten, gure aukerak oso mugatuak direlako, gure errenta handienak erretentzioari lotuta eta kontrolatuta daudelako, eta gehienbat BEZaren inguruan kokatzen dira gure tranpak. Baina hor, itxura denez, saiatzen gara eta gure kultura orokorrean onartuta dago ahal dugunean iruzurra egitea. Baten batek esango luke horiek tranpa txikiak direla; txikiak bai, baina iruzurrak, eta… ahal izanez gero, ez genituzke handiagoak egingo?
Kontuan izanda Kontzertu Ekonomikoaren bidez euskaldunok geuk gobernatzen ditugula diru hauek, ez genuke gure zerga kultura hobetu behar erreferente diren nazioengatik hurbilago egoteko? Pentsa zenbat gauza berri egin daitezkeen gizarte zerbitzuetan iruzur bidez galdutako diru horrekin.