Han izan ginen egun batzuetan Katmandu eta inguruak bisitatzen, eta ondoren, Gokyo Peak eta Everesteko kanpamentu nagusirako bailarak ezagutzen hamabost eguneko trekking baten.
Benetan herri eta jende xumea, langilea eta zintzoa. Herri pobrea ekonomikoki. Gure artean esango genukeen moduan, larre motzean hasitako jendea, baina alaia eta euren aberastasun kulturalekin.
Eta, hara non, herri horrek izugarrizko zigorra jaso du, itzeleko lurrikara batekin, hildako pila bat, etxebizitzak xehatuta, eta, lehengo pobreziaz gain, zailtasun pila bat.
Nire lagun Ang Dawa-rekin –gure trekkingeko gidaria izan zen– Internet bidez harremanetan jarri nintzen, arduratuta, zein izango zen haren eta haren familiaren egoera lurrikararen ondoren. Aste bat pasatu ondoren erantzunik gabe, azkenean jaso nuen haren erantzuna: ondo dagoela, bai hura eta bai familia, baina etxea zatituta geratu dela, eta, momentu honetan, emaztearekin, hiru seme-alabekin eta bi ilobekin kalean muntatutako karpa baten bizi direla. Bukatzen zuen idatzia gogoeta bat egiten: “Nora joango gara, gu hemengoak gara-eta?” Idatzi hau bukatzen ari nintzenean irratitik entzun nuen beste lurrikara batek –lehengoa bezain handia– astindu zuela tokia. Bakoitzak ahal duen neurrian lagun diezaiola herri horri!