Burnibidearen Euskal Museoaren Fundazioa 1992an sortu zen eta Europako tren bilduma hoberenetakoa gordetzen du, mota guztietako ibilgailuekin, lurrun lokomotorak, dieselak, elektrikoak, automotoreak eta mota guztietako bagoiak, gehienak XX. mendearen lehen erdikoak. Museoa, bai kalitatez bai kantitatez, oso oparoa da eta, ibilgailuez gain, Euskadiko makina-erreminta multzo hoberenetakoa ere eskaintzen du.
Arrasaten, La Cerrajerako instalazio zaharrak desarmatu zirenean, Industria Museo proiektuaren ideia indarra hartzen hasi zen, nahiz eta asmoa lehenagokoa izan, askotan entzun baita Arrasatek, bere tradizio industriala dela eta, merezi duela burdinaren memoria gorde eta erakutsiko lukeen museo bat. J.R. Garai eta beste arrasatear gogotsu batzuk buru-belarri ibili ziren asmo hau errealitate bihurtu guran. 2000. urtean, oker ez banago, Arkeologia Industrialeko aditu bat ekarri zuten La Cerrajerako pabiloi esanguratsuenetako baten desmuntatze lanak koordinatzeko. Batzuek, agian, Gureleku tabernan zegoen zuri-beltzeko argazki handi bat gogoratuko dute. Horixe zen, desmuntatu ondoren, beste kokapen batean berriro eraiki behar zuten pabiloia, bertan Industria Museoa kokatzeko. Erakusketa bat ere egon zen Zaldibarren, erlojuaren eraikinean. Zertan geratu zen hori guztiori?
Azpeitiko Tren Museoak, bisitari amaiera goxoa emanez, lurrun tren zahar batean ibiltzeko parada eskaintzen dizu, antzinako abiaduraz bidaiatzeko aukera paregabea emanez. Azpeitia eta Lasao auzoaren arteko 5 kilometroak zeharkatzeko 40 minutu hartzen ditu, eta hantxe ibili ginen, traketeo mantsoan, burutazioen artean paisaiari patxadaz begiratuta.
Eskerrak nonbait arduratu diren historia gordetzeaz, betiko gal ez dadin. Bestela, akabo.