"Mundua, zein txikia"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Azkarate 2013ko urr. 25a, 02:00

Palentzia aldean ibili naiz asteburuan, Curavacas mendi inguruan.

Ikusgarria zelako paradisuak aurki daitezke etxetik gertu. Oso jende gutxi bizi denez eta kilometroak soberan dituztenez, otsoa eta hartza eroso asko ibiltzen dira eremu natural pribilegiatu hauetan. Bi hanketako piztioi ere oso abegi adiskidetsua eskaintzen digutenez, paisaje eta paisanajea, biak ala biak gozagarri. 

Ostatu hartu eta berehala 20 biztanleko herrixkan dauden bi tabernetatik zaharrenera jo genuen bertako girotxoan integratze aldera. Nongotarrak ginen esatea nahikoa izan zen ohartzeko hango bailara sakonetara ere heldu direla Fagor Etxetresnen egoera kaskarraren oihartzunak eta jendeak oso penatuta eta harriduraz hartu duela albistea, Euskal Herritik kanpo ere bai. Eta gezurra badirudi ere, Ulgorreko aferaz gu baino jantziago zegoen morroirik ere aurkitu genuen, barraren bestaldean.

"Fagor ez da eroriko, horretaz zalantzarik ez izan, eta jakin badakit zertaz ari naizen. Erabateko esanahia daukan kooperatiba izanik, ez dute erortzen utziko", adierazi zigun irmoki. Gu, zur eta lur. CESIDekoa ote, horrelako primiziak bote prontoan botatzeko? "Zenbateko zorra du? Mila milioi, ezta? Hori huskeria da… Zenbat kostatu zen Bankiaren erreskatea? Atera kontuak… Politikak du azken hitza".

Ekonomia, politika, nor baino nor gehiago, zein noren menpe? Zer pentsa eman zigun bere hitz jarioak. Espainiako Kooperatiben Elkartean lanean ibilia zen gure tabernaria, aspaldian Solchagarekin eta beste ministro batzuekin goi politikako harremanetan jardun izandakoa. Eta orain taberna umil baten barraren babespean, nahiz eta agroturismoaren negozioan ere buru-belarri sartua. Bizimodua goitik behera aldatzea, are gehiago sasoi ilun hauetan, zilegi dela ere erakutsi zigun.

Bere baikortasunak itxaropenerako argi izpi bat zabaldu zigun. Zoritxarra honakoa ere iturri estraofizialetik etorri izana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak