Heriotzak ez dio adinari begiratzen, ezta ekonomiari, maila sozialari, azalaren koloreari, erlijioari…
Denak pasatu behar dugu hortik.
Iritzi eta sinesmen desberdinak aurkitu daitezke gure gizarte honetan:
-Hil eta kito: harrak jan eta akabo.
-Berreragitea.
-Piztea.
-Eta abar.
Bakoitzak bere iritzia aukeratzen du.
Edozelan ere, ez dakit norberak barneratuta al daukan, integraturik ote daukan bere bizitzan.
Izan ere, pertsona batzuek, zientziaren arlotik, honako iritzi hau dute: "Gizakientzat garapena oinarrizko gaia den iritzi jenerala zabaltzen denetik, ondasunak eta gaitzak bizitza horren barruan etorkizuna menperatzen duten lorpen moduan hartzen dituzte" (A. Tornos).
Zientzia aldetik mundua eta natura gero eta gehiago menperatzen ari garela esaten zaigu eta mezu hori konturatu gabe sartzen da geure buruan.
Baina galdera honako hau da: menperatzen ote dugu heriotza eta bizitza?
Teknifikatuta dagoen mundu honetan eta hiri giroko munduan heriotzari zaion beldur berri hori ahalik eta gehien ezkutatzen ahalegintzen dira –zaharren egoitzak, ospitaleak, eta abar–.
Ez ote dugu gizatasuna galdu heriotzaren aurrean gizonek eta emakumeek izan duten jarrerarekin?
Ez ote zaigu zaila egiten heriotzari dagokion guztia gure izaera orokorrean integratzea, barneratzea?
Bai familia barruan, baita eskolan ere, gaiari heldu beharko litzaiokeela iruditzen zait.