Hainbat eta hainbat enpresaren itxiera, konkurtso aurrekoak edo grebak, ixteko beldurrez daudelako.
2014ko urtarrilaren 31 zen, eta berri txar horien guztien atzetik hasi zen esataria BBVAk eta La Caixak 2013an izan duten etekina aipatzen: BBVAk 2.228 milioi euro (%33) eta La Caixak 513 milioi euro (%100) baino gehiago.
Haserrea sortu zitzaidan, amorrua, indignazioa. Zer-nolako mundua eratzen ari ote gara?
Krisialdi hau bankuen erruz sortu omen zen, estatuak dirua eman zien, eta krisia gordinik baino gordinago dagoen garaian hortxe dira, harro-harro, euren etekinak erakutsiz banku guztiak. Aspaldiko pentsaera dugu: diruak ez du ez aberririk, ez bihotzik, ez banderarik.
Hona sistemaren minbizia zein den: diruak agintzen duela, eta ez irizpide etikotik. Ez dakit nork izan behar duen, baina estatuak edo justiziak, etikaren izenean, elkartasunaren izenean, berdintasunaren izenean, kontrolatu beharko lituzke bankuek dituzten etekinak eta denon ongizatearen aldeko ekarpena egitera behartu.
Mundua aldatu nahi badugu, dagoena banatu eta gosea, sufrimendua, pobreen eta aberatsen arteko desberdintasuna bukatu, etikak eta justiziak ekonomiaren gainetik egon beharko lukete.
Ekonomia eta merkatua nagusitu dira munduan eta txotxongiloak bezalaxe tratatzen gaituzte ekonomiaren arabera. Nik uste dut iritsi dela aldatzen hasteko ordua.
Badaude alternatibak bai enpresetarako, baita bankuetarako ere, helburu nagusia irabazia eta etekinak ateratzea baino gehiago, justizia eta etika dituztenak: banku etikoak, guztien ona bilatzen duten enpresak, kooperatibismoa…
Beste mundu bat posible dela aldarrikatu behar dugu: ez gaitezen isildu!