Batzuen aburuz, nagusiki, animalia jatorriko elikagaiak dietatik kenduz murrizten da eragin hori; eta, horrenbestez, elikagai horien kontrako mezuak aise hedatu dira. Hala, haragia jatea iraunkortasuna kolokan jartzen duen elikadura-ohitura bakarra dela dirudi. Noski, elikagai-industriako eta saltokietako buruak ez dira tuntunak; apalategiak elikagai pseudojasangarriz josi dituzte. Horra, plastikoz bilduta 12.000 kilometro egin dituen kinoa, dudarik gabe, ekologikoa izan daiteke jatorrian, eta zigiluan argi jar dezake hori.
Alabaina, horrek ez du esan nahi herrian bertan hazitako oilaskoa baino jasangarriagoa denik. Esango nuke animaliak ere ez dituela gehiago errespetatzen. Izan ere, batek daki bilkinaren fabrikazio-prozesuko eta garraioko albo-eraginen ondorioz zenbat animalia hil diren; asko, garrantzi ekologiko handikoak.